argia.eus
INPRIMATU
"GAZTEEK EUREK ONDO DAKITE GAUEAN ZER DAGOEN"
  • M. A. Mintegi Larraza, "A zer gaupasa!" liburuaren idazlea
2007ko otsailaren 21a
Ez da erraza izango gau bakar baten inguruko liburua egitea. Nolatan otu zitzaizun gaupasari buruzko istorioa egitea?
Iaz argitaratu zen "Coca-cola Erdi Aroan" liburuan abentura fantastikoa jorratu nuen. Oraingoan, nere alabarekin etxean bizi izandakoa, gaupasak-eta kontuan hartuta, bururatu zitzaidan gaupasaren gaia jorratzea. Gainera, gazte talde bat, rock kontzertu bat, kostaldeko herria, festak... erabili ditut, gazte batek amestuko lukeen guztia, alegia. Horrez gain, niri nobela beltza gustatzen zait. Beraz, bi gauzak nahastu ditut: gazteentzako interesgarria den gaia, egunerokotasuna duena eta nere aldetik, jenero beltza jorratzeko aukera.

Gaupasaren barruan, drogaren gaia aipatzen da. Zerbait irakatsi nahi al diezu gazteei horri buruz?
Gazteak eurak gauzak ikusteko gai dira, nik hemen moralkeriak egin gabe. Baina abentura beltz honen bidez gauaren eta gazteen bizitzaren beste alderdi iluna kontatu dut. Bakoitzak aterako du bere ondorioa. Hala ere, nik ez dut esan nahi izan gazte guztiak drogazaleak direnik. Gazteek eurek helduek baino hobeto ikusten dute zer dabilen gauetan.

Ibaizabalen Ekin bildumak gazteak hurbildu nahi ditu euskal literaturara. Zure liburua ere bilduma honetan kaleratu da. Nola ikusten duzu gazteen irakurzaletasuna egun?
Gazteek txikitan irakurtzen dute, agian pixka bat behartuta. Baina 15-16 urtera iristean gogoa galtzen dute, telebistaren eraginez-edo. Uste dut gazteei euren gustuko gaiak eskaini behar zaizkiela, edo gutxienez, gai horiek aukeratzeko bideak jarri. Abenturaz gain, sexua eta garaiko arazoak eskaini beharko genizkieke, gehiago irakur dezaten