argia.eus
INPRIMATU
ITZULIPURDIA AUDIENTZIAN
FUTBOLARI ERE GOLAK SARTUZ
  • Geldiezina dirudi Tele 5eko "Gran hermano" ren arrakastak; beste kateei publizitatea kentzeaz gain, garaitezina zirudien futbola ere gainditu baitu. Horren aurrean, TVE eta Antena 3k antzeko saioak abiaraziko dituzte laster: "Robinsones" (TVE) eta "Autobus" (Antena 3).
2021eko uztailaren 15a
Anaia nagusia"ri esker, Antena 3ko audientzia gainditu du Tele 5ek, lehen aldiz 1997tik. Horren eragin zuzena publizitate irabazien galera izan da; Antena 3k esaterako, 2.000 milioi pezeta (80 milioi libera) gutxiago irabaziko du "Gran Hermano"ren erruz. Tele 5ek aldiz, 20 segunduko iragarki batentzako salneurria 1.850.000 pezeta izatetik 3.600.000ra igo du. Ondorioz, kate horren ikurra zen "Compañeros" telesaila egunez aldatu behar izan dute, ezin baitu ezer egin asteazkenero zortzi milioi ikusle biltzen dituen "Gran Hermano"ren aitzinean. Emititzen hasia zen "Antivicio" telesaila ere "izoztu" egin dute uda pasa arte. Kontraprogramazioa galarazia egonik gainera, ezin du tiradizoko filmik eskaini.


ETSAIARI OHEA EGITEN.

Baina hori ez da okerrena. Antena 3ko akziodun nagusia den Telefonican sutan daude "Gran Hermano"ko eskubideak esku artetik ihes egiten utzi izanagatik. Hain zuzen, saioa asmatu zuen Endemol enpresa holandarra erosi duen arren, Tele 5 hilabete aurreratu egin zitzaien "Big Brother"en eskubideak erosteko. Hori gutxi balitz, Endemol-en jabe bihurtzean, Espainiako Zeppelin ekoiztetxea erosketaren baitan zegoen, zeina aldi berean, Gestmusic (Trinca musika taldekoena da) ekoiztetxeko adar bat den. Hau da, "Gran Hermano"ren ekoizlea den Zeppelin ere Endemol-en baitan dago. Zein da beraz, ondorioa? Ba, Telefonica taldeko enpresa bati esker, Tele 5 ikaragarri aberasten ari dela. Horren harira, tentsio nabarmena dago; Tele 5en ez dira batere fidatzen "etsaiarena" den enpresa baten jarduerarekin, "Gran Hermano"ko laburpenei dagokienez, gehienbat. Antza, Zeppelin sexu irudi gordinagoak erakustearen alde agertu da; Tele 5ek berriz, kutsu soziologikoa nahiago du, morboarena baino.
Zerikusi handia du horretan Tele 5eko akziodun nagusi den Correo taldeak (BBVAko Ybarra familiarena nagusiki), ez baitu saioa begi onez ikusten. Etekinen aurrean ordea, ez dirudi haien kritikek eragina izango dutenik, are gutxiago Mikel Lejarza zuzendari orokorra saioaren alde izanik. Halaxe, udazkenean "Gran Hermano"ren jarraipena izango den saioa prestatzen hasiak dira. Bitartean, TVEn ekainean izatekoa den Futbol Eurocopari esker audientziaren lehen postua atxikiko dutelakoan daude. Badaezpada ordea, Globomediaren eskutik "Robinsones" Panamako Boca del Toro irlan grabatzen ari dira. CBS "Survivor" eta Britainia Handiko "Castaway 200"ren bertsio arin honetan, partaideak irla bakarti horretan utziak izan dira, helburu bakarra hornidura bakanak banatzen ikastea eta elkarri "putakeriak" egitea dela. Antena 3k ostera, Endemolek Herbehereetan duen "Autobus" saioa egokituko du, non hamaika lagun ziztu bizian doan autobus batean elkarri kateatuak sartzen dituzten. Endemolek bestalde, morboa piztea xede duen hainbat saio jarriko du salgai; "Pisua" esaterako, zeinean bost neska lirain elkarrekin bizitzen jartzen dituzten kamarak une oro grabatzen daudela. Telezaborra izan ala ez, jendearen esku dago saio mota hauek iraunaraztea edo komuneko bonba sakatzea. Dena den, gizaki batzuen portaera behatzeko parada ezinhobea damaigute halako saioek. Diruak eta itxurak itsututako egungo gizartearen adierazgarri. Ez al da susmagarria "Gran Hermano"ko esatariak eta animalia dokumentaletako narratzaileak ahots berbera edukitzea, zergatik ote?