argia.eus
INPRIMATU
IBILALDIA 2000
EUSKARA GORA DOA ENKARTERRIN
  • Duela hogeita bost bat urte sortu zen Enkartazioetan euskara berreskuratzea helburu zuen herri mugimendua. Gau eskola haien frutu dira Enkarterriko AEK eta Udal Euskaltegia. Berbetan euskara elkartea ez da atzean geratzen.
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a
AEK-k duela hamabost urte ekin zion bideari Balmasedan. Ikasturte honetan 130 ikasle dituzte, hamahiru talde eta bost irakasle daude denera. Urrats guztiak eskaintzen dituzte eta hauez gain, EGA eta hizkuntz eskakizunak prestatzen dituzte. Hainbat leku aldaketa izan ondoren, Zallan dute egoitza nagusia eta Balmasedan hainbat ikasgela solte. Balmasedako ikastolan AEK-k gurasoei ematen dizkie klaseak astean lau orduz. Bost talde daude bertan, 55 pertsona denera, eta gehienak lehenengo urratsetan ari dira, seme-alabekin euskaraz jardutearren. Bestela, beste bi talde dituzte egunero bi orduz euskara ikasten ari direnak.
Ikasle gehienak gurasoak eta langileak dira; gazteak, oro har, gero eta euskaldunagoak dira, B eta D ereduetan ikasten baitute. Orain bi urte Mintzalaguna proiektua jarri zuten abian, euskararen erabilera sustatzearren. Horrezaz gainera, Berbetanek eta beste elkarteek antolatutako ekitaldietan parte hartzen dute.


UDAL EUSKALTEGIA

Enkarterri mailan aritzen den Udal Euskaltegiak duela hamahiru urte ekin zion bideari. Batez beste 150 bat ikasle aritzen dira euskara ikasten urtero, eta gehientsuenak goi urratsetan ematen dute izena. Irakasle lanetan, aldiz, sei pertsona daude. Datu adierazgarria da 40 lagun daudela EGA prestatzen aurten. Euskaltegiaren hastapenetan, beheko mailetan zeuden ikasle gehienak, eta batzuk ez zekiten ezer euskaraz. Euskaltegiko arduradunek esan digutenez, egun euskaltegira hurbiltzen den pertsona orok badaki euskaraz pixka bat, Enkarterrin euskarak izandako bilakaera positiboaren adierazle dena.
Balmaseda, Zalla eta Sodupen ditu egoitzak Udal Euskaltegiak, baina prest leudeke Karrantzan eta Gordexolan, esaterako, etorkizunean egoitzak zabaltzeko.
Klase ordutatik kanpo ekitaldi ugari antolatzen dute, ikasleen formazioaren osagarri. Bisitaldiak egiten dituzte komunikabide, museo, herri euskaldun eta beste hainbat lekutara. Asteburuko txangoak ere arrakastatsuak izaten dira, bertso saio, hitzaldi, antzerki emanaldi eta ikastaroekin batera

BERBETAN: 60 BAZKIDE
Berbetan euskara elkartea 1995ean sortu zen Balmasedan, herriko euskaldunak batzearren. Izan ere, Balmasedan euskaraz bizitzea zaila zen, euskaldunak sakabanaturik zeudelako, eta girotze lana egin beharra zegoela ohartu ziren. Hirurogei bazkidek osatzen dute elkartea eta laster bazkidetza kanpaina bat jarriko dute martxan, kopuru hau handitzeko asmoz.
Urtean zehar ugariak dira Berbetanek antolatzen dituen kultur ekitaldiak. Herriko jaietan, San Seberinoetan, eurek antolatutako bertso bazkaria, euskal ezkontza eta haurrentzako ekitaldiak antolatzen dituzte. Bestalde, Santa Ageda egunean koplak abesten dituzte, eta Euskal Jaiaren antolaketan Mintzalagun proiektuan parte hartzen dute.
Euskara taldeak jende gehiagoren beharra nabari du, euskararen egoera zaila baita Enkarterrin. Batzuetan euskarak aurrera egiten ez duela iruditzen zaie, baina ez da hala, euskaldunak ugaritu egin dira-eta Balmasedan azken 25 urtetan. Elkartea euskarak norabide hori jarrai dezan dabil lanean. Bide horretatik, egitasmo ilusionagarriak martxan jarri dira, oraindik izenik ez duen Enkarterriko euskara elkarteen bilgunea, kasu.
"Pausoz Pauso" izeneko aldizkari berria plazaratuko dute aurki Berbetan Euskara elkartekoek. Lehen alea prestatzen ari dira eta Ibilaldirako aterako dute. Hiru hileko maiztasunarekin kaleratuko den aldizkari honetan, Berbetan taldeko kideez gain, euskaltegiek kolaboratuko dute