Eneko Olasagasti (Donostia, 1960) EHUko Informazio Zientzietan lizentziatua eta Antzerti eskolako diplomatua dugu. Luzea da Enekok gidoilari eta zuzendari gisa Carlos Zabalarekin batera egindako lanen zerrenda. Batzuk aipatzearren horra hor "Bi eta bat" eta "Jaun eta jabe" telesailak, "Ez gaude konforme" eta "Linea lizuna" fikziozko atal laburrak, "Maité" eta "Sí quiero" filmak. Jendeak hala ere, ez daki bere ibilbide profesionala aktore gisa hasi zuela. Herri Irratian esatari modura zebilela, poliki-poliki antzezteko grina piztu zitzaion. Hala, telebistan "Dondon kikilikon" haur saioan jardun zuen; "Bai horixe" euskara ikasteko saioa izan zen hurrena. Antzerkian aldiz, "Sei pertsonaia autore baten bila" (1983), "Gure Herria" (1984), "Nekrassov" (1985), "Agur Eire Agur" (1988) eta "Flaminio" (1989). Zineman, "Ander eta Yul" filman rol txiki bat izan zuen. "Ez da hain erraza" obra izan da beraz, bere behin-behineko itzulera aktoregintzara.
Aspaldiko partez oholtza gainera igo gabe egon zarenez, kostako zitzaizun herdoila kentzea.Bada, ez pentsa, ez zait batere kostatu aktore lanari ostera heltzea, eroso nabil. Bi hilabetez entsegatu dugu eta, egia esan, beste gauza bat gertatu zait: hasieran behintzat, zuzendaria izatearen ajeak alde batera uztea izan da gogorrena, ezin bainintzen isilik egon, are gutxiago bi zuzendariak, Carlos Zabala eta Fernando Bernues, lagunak izanda. Ideiak-eta ematen nizkien. Pixkanaka ordea, isiltzen eta aktoreen aldera erabat lerrotzen ikasi dut. Umiltasun lezioa izan da zentzu guztietan; esaterako, aktoreek duten sormena ezin dela beti bideratu, eta men egin behar dela nahiz eta ados ez egon.
Gertatu al zaizu inoiz harreman bat utzi nahi izan eta ez jakitea nola?Antzezlanak oinarri errealista duten egoerak ironizatu egiten ditu, harreman bat uzteko aitzakiak bata bestearen atzetik jarriz. Hain zuzen, jendeak horretaz gogoeta egin dezala nahi du. Baina zailena ez da besteari zer eta nola esatea izaten, hainbeste gauza amankomunean duzun pertsona horrekin harremana etetea baizik. Lotura afektiboa, laguntasuna, oroitzapenak, ekonomia eta sexua hor daudelako. Eta hori bai, gertatu izan zait.
Zerorrek euskaratu duzu testua; zein zailtasun izan dituzu?Gazteleratik itzultzean dagoen zailtasun nagusia euskaraz ere arintasun hori mantentzea izaten da. Saiatu naiz belarritik erraz sartuko den euskara erabiltzen, batua bai, baina aktoreen euskalkien doinuak mantenduz. Euskaraz ematen den antzerkia egiten dugunok zeregin bikoitza dugu, itxurari mamiari bezainbesteko garrantzia eman behar diogu-eta; ulerterraza izan behar, jendearengana iritsiko bada. Batua erabiltzeak ordea, ez du esan nahi freskura galdu behar denik.
Katalanezko bertsioa itzuli ez ezik, aldaketak ere egin dituzue.Bai, nahiz eta Miren testuaren muina mantendu dugun, aldaketa batzuk sartu ditugu, eszenaratzean gehienbat. Badira jatorrizko obran ageri diren gauzak guk kendu ditugunak, eta alderantziz, guk geuk sortutakoak. Alde horretatik ez dugu inolako arazorik izan Tricicle-koekin. Ea uztailean, ofizialki estreinatzean, programatzaileek antzezlana aukeratzen duten; bultzada galanta izango litzateke Tentazioarentzat