argia.eus
INPRIMATU
LEIOA IRRATIA
UHINETAN LABAINTZEN IKASIZ
  • Nahiz Leioa inguruan baino ez dagoen entzungai, beste ikasleek entzutea nahikoa arrazoi da mikro aurrean daudenek presioa senti dezaten. Musika eta txutxumutxu saioak dira nagusi.
2000ko maiatzaren 21
Ez da unibertsitateko irrati bat; ikasketen osagarri izatea xede badu ere, bitartekoak baditu ikasleek praktikekin ez duten presioa nabaritu eta, bidenabar, entzuleak beste ikasleak izanez, mikroari beldurra gal diezaioten. Gotzon Toral eta Arantxa Gutierrez laborategiko arduradunak dituztela, asteartetik ostiral arte aireratzen dira emankizunak, 9:00etatik 14:00-etara, beti ere Gizarte eta Komunikazio Zientzia ikasleen ordu libreen arabera.
Duela sei urte ere unibertsitateko irrati bat abiarazten saiatu ziren. Merkatu ikerketak egin ondoren, bi astez segidan aireratzea lortu zuten, goizetik ilunabarrera arte. Haatik, ezin izan zuten programazioa atxiki, saioak taxuz lantzeko azpiegitura handiagoa behar zelako. "Maila kaskarra ematen ari ginenez, emisioak etetea erabaki genuen. Zailena ez da hastea izaten, eustea baizik. Ekinaldi berri honetan beraz, zuhurrak izango gara" azaltzen digu Gotzonek. Epe erdira halaber, oraingo estudioa praktiketarako utzi eta beste batean irratia finkatzeko asmoa dute.
Oraingoan, lehen mailako ikus-entzunezko ikasleak hurbildu dira nagusiki. Horren harira, bilakaera bat egon da ikasleen gustuei dagokienez. Lehen, informatibo serioak egitea aukeratzen zuten bitartean, orain edukiak askoz arinagoak dira, txutxumutxuak, musika eta zinema saioek osatzen baitute programazioa. Arantxaren ustez, "gure belaunaldia prentsa irakurriz hezi zen; oraingoak berriz, telebista izan du bidelagun. Beste modu batera bideratzen dute mundua aldatu nahi izate hori".
Tamalez, euskaraz ez dago saio bakar bat ere. "Deialdi bat egin genuen baina ez zaigu inor etorri" diosku Arantxak "agian, euskaraz diharduten ikasleek, gutxiago izatean, praktika gehiago dituztelako eginkizun. Beraz, gazteleraz ikasten duten euskaldunen artean ea norbait animatzen den"