argia.eus
INPRIMATU
DOMOTIKA
TEKNOLOGIA GURE BIZITZAREN ZELATARI
  • Errazagoa eta erosoagoa egiten dute gure bizimodua aurrerapen teknologikoek, baina txanpon guztiek bi alde dituzte, eta hala, gure intimitatea urratzen dute, era berean. Horri aurre egiteko, Privacy International elkarteak pribatutasuna erasotzen duten erakunde eta enpresak salatzeko dihardu lanean.
Katixa Garate 2000ko maiatzaren 21
Teknologiaren garapenak gure bizimodua errazteaz gain, gure gaineko kontrola ere badakar. Izan ere, ordenagailu eta bestelako tresna informatizatuen bidez, gobernu eta konpainiek guri buruzko datu pila jaso ditzakete. Uste duguna baino gehiago.
Pribatutasunaren inguruan, famatua egin da 1890an Louis Brandeisek, Estatu Batuetako Auzitegi Goreneko epaileak esandakoa: "bakarrik utzi zaitzaten eskubidea".
Teknologiaren aitzinapenak eragin zuen orduan ere esaldi entzutetsu hau, Brandeis argazkilaritzaren zabalkundeaz beldur baitzen. Epaile horren izena daramaten sariak, hain zuzen ere, ematen ditu Privacy International elkarteak intimitatea babesten duten erakunde eta pertsonei. Pribatutasuna urratzen duten erakunde eta enpresei, aldiz, George Orwell sariak ematen dizkie.
Intimitate eskubidea nazioarteko tratatu eta estatuetako konstituzioetan esplizituki jasoa badago ere, azken hamarkadetan pribatutasuna gutxituz joan da, eta ez dirudi kontrako norabidea hartuko duenik. Privacy International elkarteak joera horren aurka dihardu, intimitatea urratzen duten erakunde eta enpresen jardunak salatzeko asmoz. Iragan apirilaren 6an Toronton (Kanada) ospatu zen Big Brother Awards-etan EEBBetako Merkataritza Ganberak eta Aireportuen Agintaritzak eskuratu zituzten George Orwell sariak; EEBBetako legeak hautsiz Europako enpresekiko harremanak zelatatzeagatik batak, eta aireportuetan gorputza eskaneatzeko aparailuak ipintzeagatik besteak. Enpresa pribatuen artean, Double Click publizitate agentzia saritu zuten, sarea erabiltzen duten 50 milioi pertsonaren jarraipena egin duelako. Transunion enpresari ere beste estatuatxo bat egokitu zitzaion, jendearen datu pertsonalak dituzten artxiboak enpresei saltzeagatik.
Teknologia garatu ahala, enpresak bezeroei saldutako etxetresna elektrikoen funtzionamendua kontrolatzeko gai izango dira bulego bertatik, baita aparailua hondatu aurretik ordezko piezak bidaltzeko ere. Supermerkatuek bezeroen hozkailuan zer dagoen ikusi ezezik, produktu batzuk agortutakoan, erosketa lista eurek egiteko aukera ere izango dute. Halaber, langileek bulegotik etxea edo bertan dauden seme-alabak kontrolatu ahal izango dituzte ordenagailu bitartez. Aurrerapen teknologikoek bizitza erraztuko digutela ez da dudarik, baina "gure" bizitza lapurtu diezagutela merezi ote?