Horrela sentiarazi nau Lacalleren hilketak. Iraganerantz eramanik, orain hogeita hamabost bat urteko lubakiteriatan ikusi dut neure burua. Gaztarora. Auzo elkarteen bidez egituratu nahi gintuzten eta marxismo-leninismoan eskolatu. Guk aldiz, auzoan gaueskola eta ikastola sortzea genuen xede. Sindikalismo frankistaren garaiak ziren. CCOO, USO, STV, ELA... PNV, PC, FLP... Eta horietako bakoitzak etengabean sortzen zituen adarrak, euren barne kalapiten aldaska. Eta gu, ETAren inguruan jaio ginen borrokara. Eta besteak bezalaxe, barne kalapiten morroi. Frente Obreroa. Garai hartan ezagutu nuen Lacalle. Hastapenetik gaizki, bere ahohandiz oldartsu ez baitzigun betarik eman ezertarako. Gure praxi abertzaleak onuragarriak omen zitzaizkion burgesiari, euskal burgesiari bereziki. Ez genuen inoiz asmatu izan berarekin. Eta alderantziz, gu ere ez baikinen jateko onak. Bere bilakaera politiko ideologikoa ez zait arrotza gertatu. Aldiz, oso koherentea. Eta ez dut damurik aitortzeko. Ez eta oraingo ETArekiko nire urruntasuna, ez baitiot bere jarduerari antzik hartzen. Eraikuntza nazionalaren esperantzaren leihoa non dagoen esan diezadaten zain geratzen naiz