argia.eus
INPRIMATU
BIZKAIAK BERRIRO ERE HELDU DIO SAGARDOGINTZAREN TRADIZIOARI
2000ko maiatzaren 21
Azken urteetan, sagardogintzaz hitz egitean, Gipuzkoa baino ez zen hizpide izaten. Hala ere, gaurko egunean, sagardogintza hedatu egin da eta hedatzen ari da Euskal Herriko beste bazterretara, batez ere Bizkaiara, eta honenbestez berriro ere heltzen dio lurralde honek sagardogintzaren tradizioari. Gogora ekarri behar da Erdi Aroan Bizkaian askoz ere sagardo eta ardo gehiago egiten zela Gipuzkoan baino. Bizkaian gertatutako garapen ekonomiko eta industrialaren ondorioz, arian arian utzi egin zituzten txakolingintza eta sagardogintza eta sendotu egin zuten ardoaren inportazioa eta kontsumoa. Aitzitik, nekazal izaerari denbora luzaroagoan eutsi zion Gipuzkoak ia bakarrik jarraitu zuen sagardogintzan.

Bizkaiko Aldundiko Nekazaritza Saila izan da azken urteotan sagardoa egiteko sagarren ekoizpena sustatu duena. Horretarako, Zallako (Enkarterriak) frutagintza-planta sortu zuten, eta bertako sagarrondo-mota batzuk berreskuratu zituzten sagardotarako sagarra erdiesteko. Azterketa batzuk egin ondoren, sei sagar-mota bereizi zituzten, eta sagar horiek dira baserritarren artean sustatzen ari direnak. Gainera, orain dela lau urte, esperimentuak egiteko ardandegi bat sortu zuten eta honek aukera eman du sagardoa egiteko tekniken azterketan aurrera egiteko eta, ondorioz, sagardoaren kalitatea hobetzeko.

Testuinguru honetan, "Bizkaiko Sagardoa" izeneko Bizkaiko Sagardo Naturalaren Egileen Elkartea sortu zuten 1995ean, eta egun sagardoa egiten duten hamairu bazkidez osatuta dago elkarte hau. Gaurko egunean 40 hektarea daude Bizkaian sagasti berriei emanak. Ez da ahantzi behar Bizkaian badirela beste 250 hektarea sagastietan, baina sagasti hauen emaitza apala da oso. Bizkaiko 13 sagardogile hauen artean 200.000 inguru litro sagardo egiten dute urtean. Enkarterrietan, Durangoaldean, Gernikan eta Lea-Artibain daude sagardoa egiteko sagasti nagusiak. Bizkaiko elkarte honek hirukoiztu egin nahi du sagardoaren produkzioa 2001. urterako, eta datu horixe da sektore hau herrialde honetan bizitzen ari den hazkundearen erakusgarririk garbiena.

Inoiz sagardogintzan tradizioa izan zuen arren, Iparraldean tradizioa galduz joan da. Hala ere, azken urte hauetan berriro ere suspertu da. Gaurko egunean sagardogileen kooperatiba bat bada, Eztigar izenekoa, Nafarroa Behereko Donaixtin. Kooperatiba honek egun 15.000 inguru botila ateratzen ditu merkatura. Hobetuz ari dira nola ekoizpenean hala kalitatean, eta datozen urteotan 120.000 litro sagardo egitea dute helburu.

Ardogintzan tradizio handia duen Nafarroan ere sagardotegi batzuk irekitzen hasiak dira han-hemen. Lizarrako ikastolako bi irakasle ohi izan ziren sagardogintzak Nafarroan sarrera eduki izanaren protagonista, Aldaiondo sagardotegia ireki baitzuten Murugarrenen, Iruñetik 45 kilometrora dagoen herrixkan. Sagardogintzak tradizio handia izan zuen familia bateko ondorengoak izaki -baten aitak sagardotegi bat izan zuen Alegian-, sagardoa bertan egiteko metodoarekin asmatu dute. Eta aurtengo kanpainari begira 10.000 inguru litro sagardo dute.

Araba da euskal herrialdeetan sagardogintzan tradizio txikiena duena. Baina azken urteetan sagardoaren kultura hedatuz doa, batez ere Amurrio-Lezamako aldean, non dagoeneko sagardotegi batzuk badauden, eta beste tokitako edaritegi batzuetan poliki kontsumitzen hasiak dira. Sagardoa Gipuzkoatik ekartzen dute, nagusiki Astigarragatik eta Usurbildik, Araban ez baita sagardorik egiten.

Sagardoaren munduarekin amaitzeko, bereizgarria eta kalitatea bilatzen dituen beste ekimen bat dakargu orriotara. Honenbestez, sagardoarekin zerikusia duten jarduerak ugaltzen ari direla ikusirik, Gipuzkoako sagardogileak etiketa ofizial bat sustatzen ari dira, "Tolare-Sagardotegia" izenekoa, Gipuzkoako Sagardo Naturalaren Egileen Elkarteak sortua. Eta etiketa hau kaleratu dute hain zuzen ere ugaltzen hasiak direlako "sagardotegia" hitza daramaten establezimenduak, nolabait ere errealitatearekin bat ez datozenak. Etiketa berri honekin egiazko sagardotegiak eta sagardoa soilik saltzen duten establezimenduak bereizi nahi dira; izan ere, lehenengo taldera biltzen dira sagarra dolarean zanpatzearekin hasi, muztioa eta sagardoa egitearekin segi eta sagardoa botilara-tzearekin amaitzen duten establezimenduak, benetako sagardotegiak