argia.eus
INPRIMATU
UMEZURTZ GERATU DIRA OTSOAK
Txema Ramirez de la Piscina 2000ko maiatzaren 14a
Auzitegietako prozeduraren hurrengo mailara, azken helegiteenera, igorri du Entzutegi Nazionalaren epaiak Lasa eta Zabalaren bahiketa, oinaze eta heriotzarengatiko auzia, eta ondorengo aste eta hilabeteetan izango du horien berririk. Ez, ordea, ezusteko ikusgarririk.
Sententziaren arabera, zigortuen abokatuek ezingo dute esperantza handiegirik erein bezeroengan. Entzutegi Nazionaleko epaimahaiari zegokion frogantzaren balorapena egitea, eta iragarritako zigorretan laburbildu da haren irizpidea. Prozedurazko arazoen eta, batez ere, epaituen eskubideak kamusteagatiko helegiteen ataka geratzen zaie, azken itxaropentzat, Elgorriaga, Galindo eta honen "konkistatzaileei" hiltzaile konbiktu bilakatu aurretik.
Teoria hutsean eta epaia irakurrita, ia errazagoa izan behar luke akusatzaileei Gorenean aintzakotzat har diezaieten orain onetsi ez zaizkienak: talde armatuaren izaera eta torturen egitatea. Baina Gorenaren ausardiatik gehiegitxo itxarotea izango da orain Entzutegi Nazionalak, kiribilak eginez bederen, estimatu ez duena hark gero onartzea. Beti ere "inplikazio politikoei" zeharbegiraka zertzen diren epaiak dira hauek denak; Peroteren dokumentuarekin eta Gomez Nieto kapitainarekin gertatzen dena begiratu besterik ez dago.
Ondorio juridiko guztiekin batera (edota haien gainetik), ordea, panorama politiko guztiz berriari aurre egin beharko diote epaituek, konplizeek eta haien inguruan gorpuztutako "sindikatuak". PPren gehiengo absolutuaren inplikazio zuzen eta ustekabeko bat izan da "GALekoen bandaren" umezurtz uztea, sententziaren ondoren zigortuek jaso dituzten laguntasun-adierazpenen eskasian nabarmendu dena: AVT, R. Ibarra, eta kitto ia. Akabo Guadalajarako erromeriak.
PSOEren baitan eta haren inguruko esparruetan hauteskunde-emaitzei buruz egiten den hausnarketak, noski, zerikusi zuzena du bat bateko hoztasun honetan. Iada hiltzaile frogatuak diren hauei urte askoz eman zaien babes konplizea dela porrotaren zergatietako bat aho batez aitortzen du mundu guztiak, eta onartzen da etapa beldurgarri hartan inplikaturik egon zirenak betirako baztertzea dela zulotik ateratzen hasteko lehen baldintza.
Denak -Almunia bera beste inor baino argiago, esaten denez- jabetzen dira PSOEren barnean prestatzen ari den ekaitzaren tximistetako batek GAL izena daramala, eta etorkizun politikoa ukan nahi duten guztiak ahalik urrutien kokatu nahi dira trumoia heltzen denerako.
Gaizkile-piramidearen gorenean egon behar izan zutenek ere ulertu dute koiunturaren aldaketa sakona, eta diskreziorik isilenean murgildu dira, garai bateko desafio-jarrera utzita.
Babes politikoa ezezik estalpe mediatikoa ere ia erabat suntsitu zaie hauteskundeekin Vera, Galindo eta abarri. Hedabide adiktoenak ere sententziaren abagunea aprobetxatzen ari dira atzekoz aurrera egin eta haienganako begirunea desagertarazteko. Agi denez, itsusiegia da eta, batez ere, beharrik ez dago: Galindoren balentriak urruti geratzen ari dira, eta GALkide gehientsuenek zain dituzte oraindik epaileak, gorabehera oso zabarrak argitzeko.
Rafael Veraren gaitasun analitiko ukaezinak berehala "jan" du bere egoeraren berritasuna... eta iluntasuna. Orain arteko aliantzek gutxi balio dute aurrerantzean, eta lehen oso lagun ziren haietako batzuk laster etsai bihurtzen ikusteko prest egon behar dute. Aldiz, PP inoiz baino ahaltsuago (eta, beraz, makurgaitzago) dago bere gehiengoaren gorenean. Mesede eske joan behar zaizkion piztiak elkarren artean haginkaraziz entretenitzeko, edota sozialistak oraindik kateatuago edukitzeko modua aurkitzeko, epaileei hats pittina ematea nahikoa zaio.
Sozialistengandik baino hurbilago dagoela bere kideengandik, adierazi du Verak, nahiz eta errugabe geratu epai honetan. Ez zaio zuhurtziarik falta, etorriko zaizkio hurrengoak eta.
PPren laineza apaltzeko, ordea, ez da nahikoa izango sozialistekin haserretuta agertzea. Trukerako zer eduki dezakeen alde bakoitzak, horixe da benetako kontua