Seaskak ikastolen proiektuan parte hartu dutenak omendu nahi izan ditu 30. urteurrenean.Bai, hori eginen dugu ekainaren hamazazpian Miarritzen. Goizean mahainguru bat izanen da Europa eta bere aniztasunak gaitzat hartuta, partikularki hizkuntzen eta irakaskuntzen aldetik. Arratsaldean bazkari herrikoi handi bat izanen da, berriz ere festa giro bat Seaskaren baitan. Gomitatuko ditugu Seaska egin duten guztiak, familia guziak, ikasle ohiak, irakasleak, bulego kide ohiak, lehendakari ohiak eta abar. Omenaldi bat eginen diegu, horien ametsik gabe eta utopiarik gabe ez baitzen ikastolarik izango.
Zeintzuk dira Seaskaren erronka nagusiak urtebetetze honetan?30 urte hauetan Seaskak publikotasuna eskatu du Hezkunde Nazionalari buruz. Iduritzen zaio Seaskari euskarazko irakaskuntzan zerbitzu publiko bat eskaintzen duela eta zor zaizkiola araberako baliabideak, eta beraz, eskakizun hori biziki azkarra da Seaskaren historian. Orain horretan gara, urratsak egin izan dira, bistan dena azkeneko urteetan, lehen hitzarmenak, gero konbenioak eta azkenik elkarte kontratua, eskola gisa onartzen gaituena baina izaera pribatu baten pean. Hezkunde Nazionalarekin ari gara negoziatzen estatutu publiko bat, ikastola publiko bilakatzeko helburuarekin. Hezkunde Nazionalak iragan otsailean igorri zigun proposamena oso eskastzat eman genuen, baina ondoko solasen abiapuntu bezala kontsideratzen dugu. Horren inguruan testua mamitzen, emendatzen eta gure eguneroko praktikari egokitzen ari gara. Gero gertatu dena da ministro aldaketa bat izan dela Hezkunde Nazionalean, eta mementoan geldo doaz gure solasak.
Gobernuak esan dituenetatik zer onartzeko prest zaudete?Proposamen horretatik ez gaude ezer onartzeko prest, lehen proposamen hura abiapuntu bat zen, ez besterik. Martxoan egin ditugun bilkuretan inmersioaren definizioa, irakasleen kontratatze eta formakuntza eta azkenik, elkartearen lekua aipatu genuen. Ez genuen biziki aitzinatu, baina lehen puntuetan aitzinatu ginen, bakoitza bere nortasunaren arabera.
Elkarrizketa hauetan Diwanekin ibiltzen gara. Diwan presatua da, zeren eta egoitza arazo handiak dituzte. Gu ez gara hain presatuak, baina interesantea da guretzat ere partikularki barnealdeko ikastolako egoitzen gai horretan eta publiko izate horren gaian. Zeren eta uste dugu ikastola ereduaren garapena Iparraldean hortik pasatzen ahal litekeela.
Zuen irakaskuntza eredua errespetatuko al du?Hori da helburua negoziaketa horietan, errespetatzea baino gehiago definitzea, zehaztea eta dekretu bidez publiko egitea. Eta sartzea eskaintza gisa Hezkunde Nazionalaren irakaskuntza proposamenetan, sare elebidunekin batera.
Eta horrek legearen aldaketa ekarriko luke?Ibiltzen garen moldean ez, eta ez da gobernuaren nahia ere. Legearen aldaketarik gabe nahi lukete halako aterbe bat atzeman inmersioko irakaskuntzarentzat. Guk mementuan ez dugu eskakizun hori egiten. Euskararen alorrean bai, ordea.
Prefetak esan zuen ikastola bakoitzak erabakiko zuela proposamena onartu edo ez. Publikotasuna ikastolarentzat aspaldiko galdera da, eta ez dugu ezer erabakiko ikastolarik gabe, ikastolako guraso eta kideetarik albo. Ulertarazi genion prefetari eta gobernuko solaskideei ere mementoan Seaska zela interlokutorea. Eta gerora, sekulan estatutu publikoa Seaskak onartzen baldin badu, ikastola bakoitzak beharko du izenpetu. Ikastola bakoitzak du izenpetuko, baina erabakiko ikastola bakoitzak beste guztiekin erabakiko du.