argia.eus
INPRIMATU
Festaren hastapenak
"LEHENENGOAN 15.000 ETORRI ZIREN"
  • Pierre Ithourria lehenengo Herri Urrats festa antolatzen ibili zen 1984an. Berrogeita hamar urteko senpertar honek Frantziako Aurrezki Kutxan egiten du lan. Festaren lehen bi urtetan diruzain gisa aritu zen, eta azkenekoetan auto zirkulazioa zaintzen ibili da, besteak beste.
Katixa Garate 2007ko otsailaren 21a
Aurten hamazazpigarren Herri Urrats egingo da Senperen. Festa honen lehen urtean antolatzaileetako bat zinen. Nola gogoratzen duzu lehen festa hura?
Ni Senpereko ikastolako diruzaina nintzen, eta Seaskako diruzainen bulegoan nenbilen. Diru problema larriak genituen bi arrazoirentzat. Lehenik, bankuak egin zizkiguten diru aitzinamendu batzuk, eta bigarrenik, ez genuen dirurik momentu hartan gure irakasleei kotizazio sozialak pagatzeko. Beraz, diruzainen bulegoan bankuetan lanean ari ginen bi lagunek proposatu genion Seaskari, Hegoaldean egiten zen bezala, besta bat muntatzea. Hala, Senpereko ama ikastola, Kanboko ama ikastola eta Xalbador Ikastegiaren artean lehenengo Herri Urrats muntatu genuen Seaskaren izenean. Eta lehen Herri Urrats egin zelarik, apirila guztia euria egin zuen salbu egun hori; egun zoragarri bat izan zen. Jendeak ikusi zuen besta egiteko biziki ederra zela leku hura, eta hurrengo urtean Seaskako jendeak bulego bat egin zuen Herri Urratsen segida egiteko. Egia da orain gauzak anitz aldatu direla, zeren eta Seaskak kontratu bat egin du estatuarekin eta kasik irakasle guztiak estatuak pagatzen ditu, eta diru horrek haize pixka bat ematen du. Senperen 200.000 libera benefizio egin ziren eta diru hori zerbitzatu zen bakarrik bankuen autorizazioak ordaintzeko. Eta gero, egia da, problema anitz izan direla, zeren eta dirua den lekuan problemak badira. Xalbador Ikastegiko guraso berri batzuk sartu dira sistema berri horretan eta Herri Urratseko diruak zerbitzatu du lehen urtetan beti Xalbador Ikastegiaren inbertsioak pagatzeko.

Zein desberdintasun topatzen dituzu gaur egungo festarekin alderatuz gero?
Herri Urrats festa bat da non ahantzi ezik kasik Iparraldeko jende gehienek programatua dutena. Urtarrilean edo galdetzen zaiotelarik "aurten zer eginen duzu?", erraten dute "maiatzan Herri Urratsera joanen naiz". Gainera, bada euskararen alde holako berritze bat, eta Herri Urratsek indar bat ematen dio, zeren eta Hegoaldetik anitz jende etortzen dira, eta hemengo jendek anitz estimatzen dute anaitasun hori. Jakin behar da, Senperen, eta kasik Ipar Euskal Herriko herri guztietan, eskola publikoak eta pribatuak badirela eta elebidunak direla. Publikoan Ikas Bi du izena sareak, eta pribatuan Eskual Hazia. Erran nahi dut haur batek publikoan orain nahi badu 25 oren baditu astero eta hamahiru oren egiten ditu euskaraz eta hamabi oren frantsesez. Ikas Bik eta Euskal Haziak-ek ere Herri Urrats bezalako besta bat muntatzen dute urte guztiz, Hegoaldetik ez da hainbeste jende etortzen, ordea. Herri Urrats etsenplu bat izan da, holako oldar bat eman dio elebitasunari Iparraldean. Errebisionismo pixka bat eginez, esango nuke Herri Urrats lehen urtetan muntatu dituzten jendeak arrunt ahantzi dituztela.

Jendeak nola bizi izan zuen festa hura? Eta administrazioak?
Jendeak ez zituen ezagutzen beste aldean egiten ziren bestak, Kilometroak eta horrelakoak. Oraindik oroitzen naiz, lehen bilkura Herriko Etxean egin genuelarik, erran genuelarik hamabost mila jende etorriko zirela, trufatu egin ziren. Lehen festa egin genuen eta jendea harriturik zen zenbat jende, Hegoaldetik partikularki, etorri zen ikusita, 15.000 etorri baitziren. Senperetarrak ikusiz zenbat autobus eta auto pasatu ziren, arratseko seiak-zazpietan lakurat etorri ziren ikusteko zer pasatzen zen, Herriko Etxekoak ere.
Herriko Etxeak euskararen kontrako jarrera agertu zuen, erranez lakuko jabe jende guztien autorizazioa behar zela besta egiteko, behar ez zelarik. Astelehenean, besta bukatuta, etorri ziren Herriko Etxekoak ikusteko paper txiki bat ere bazen bidetan ahantzia. Partitzea, lehen bi hiru urtetan, ez zen erraza izan