argia.eus
INPRIMATU
Ikastetxeak
KANBOKO XALBADOR KOLEGIOA
  • Bigarren mailan hiru ikastetxe ditu Seaskak: Kanboko Xalbador, Ziburuko Piarres Larzabal eta Donaixtiko Manex Erdozainzi. Xalbador Ikastegia izan zen aitzindaria eta denboraren poderioz, beste bi kolegio zabaldu dituzte. Bigarren Mailan ama ikastolatik datozen 12 eta 16 urte bitarteko gazteek ikasten dute eta ondoren lizeora joaten dira Baionara.
Katixa Garate 2021eko uztailaren 20a

Kanboko Xalbador Kolegioa

1984an ireki zen Xalbador Kolegioa Kanbon sei pertsonako gela batekin, lehen Herri Urrats ospatu zen urte horretantxe. Festa horretan lortzen den diruaren zati bat erabiltzen da urtero, Xalbador Kolegioaren biziraupen ekonomikoa eta eraikuntza segurtatzeko.
Orain Kanbon du egoitza Xalbador Kolegioak, baina eraikina izan bitartean leku batetik bestera ibili ziren. Izan ere, Baiona, Donibane-Lohizune eta Biriatun eman behar izan zituzten eskolak. Kanbon hamabost urte daramatzate, eta pixkanaka-pixkanaka eraikina ordaintzen ari dira Herri Urratsen bildutako diruari esker. Seigarren, bosgarren, laugarren eta hirugarren mailak egiten ari diren 216 ikasle dituzte. Hirugarren maila bukatuta, lehen azterketa nazionala egiten dute, eta, ondoren, lizeora abiatzen dira azkeneko urteak egitera.
Bigarren Mailako ikasleek pairatzen duten arazorik larriena garraioa da. Duela bi urte egoera are larriagoa zen, Kanbokoa baitzen kolegio bakarra. Egun, Baiona, Angelu, Miarritze, Zuraide, Orzaize, Ezpeleta, Maule eta beste hainbat herritatik etortzen dira ikasleak Xalbador Kolegioan Bigarren Maila egitera. Lehen Hendaia ingurutik etortzen ziren ere. Dena dela, ikasleek kilometro asko egin behar dituzte klasera joateko, eta hori dela eta, Seaskak barnetegi bat zabaldu zuen Kanbon. Ikasturte honetan 34 ikaslek ematen dute astea barnetegian, hala ere, aurreko urteetan 60 gazte izatera iritsi izan dira. Garraio kostuak Pirinio Atlantikoetako Kontseilu Orokorrak ordaintzen ditu, Seaskak egindako akordio baten ondorioz.


Ziburuko Piarres Larzabal

Piarres Larzabal Kolegioak iazko ikasturtean zabaldu zituen ateak. 75 ikaslerekin hasi zen bigarren ikastetxe hau handitzen ari da pixkanaka, aurten 111 dituzte, eta lau urte barru 250 ukango dituzte, aurreikusitakoaren arabera. Joan den ikasturtean seigarren maila eta bosgarren mailako lau gela izan zituzten. Bosgarren mailako ikasleak Xalbador Ikastegitik heldu ziren, eskolak etxetik gertuago jasotzera. 99/00 ikasturtean seigarren, bosgarren eta laugarren maila egitera etortzen dira Miarritze, Getari, Bidarte, Senpere, Sara, Azkaine, Donibane-Lohizune, Urruña, Ziburu, Ahetze eta Hendaiako gazteak. Datorren kurtsoan, aldiz, Bigarren Mailako ikasturte guztiak jaso ahal izango dira Ziburuko kolegioan.
Piarres Larzabal Ikastetxeak duen egoitza alokatzeko eta klaseak emateko moduan atontzeko, Antxeta kanpaina jarri zuen abian iragan urtean. Kanpaina abuztuan amaituko denez, hilero 6.666 liberako (166.650 pezeta) alokairuari egin beharko dio aurre kolegioak. Horrez gain, heldu den kurtsoan ikasle kopurua handituko denez, bi gela gehiago eta jangela handiago bat apailatu beharko dituzte. Horregatik, aurtengo Herri Urratsen lortzen den diruaren zati bat gastu hauek ordaintzeko erabiliko da.


Donaixtiko Manex Erdozainzi

Donaixtiko Kolegioa berria da, ikasturte honetan, hain zuzen ere, ekin baitio bideari. Hemeretzi ikasle ditu, denak seigarren mailan, eta zortzi irakaslek ematen dizkiete eskolak. Garruze, Bunuze, Donapaleu, Urdiñarbe, Bildoze... herri ugaritatik etortzen dira ikasleak Donaixtira. Bederatzi ikasle Amikuzeko ama ikastolatik etorri dira, beste lau Sohütakotik, lau Donibane-Garazikotik eta bi Orzaizeko ama ikastolatik.
Egoitzari dagokionean, ez dute berezko eraikinik. Anartean, udaran udalekuetarako erabiltzen den etxe bat alokatu dute, eta datorren ikasturtean ere bertan jarraitzeko asmoa dute. Behin betiko egoitza non izango den ez dakite oraindik; mementoz, lurra bilatzen ari dira, non egin dezaketen begira, eta erabakitakoan kanpaina bat jarriko dute abian dirua biltzeko.
Kolegioa hasi berria da, eta ikasle gutxi dituzten arren, emeki-emeki kopuruak emendatuz joango direla adierazi digute arduradunek. Hurrengo urtean ikasle gehiago izango dituzte, berrogeita bost guztira, hemeretzi bosgarren mailan eta hogeita sei seigarren mailan.