Urtero maiatzeko bigarren igandean Herri Urrats festa ospatzen da Senpere herrian. Seaskak antolatzen duen egun honetan, federazioko ikastolak bultzatzea da helburu nagusia. Eta baita lortu ere, urtez urte jende andana biltzen baita sostengua adieraztera. Iaz 50.000 pertsona bildu ziren, eta beste hainbeste espero dituzte igande honetan ere. Joan den urtean lortutako irabaziak, 1.900.000 libera (47.500.000 pezeta), kolegioen eraikuntza lanak eta Seaska federazioko eta Herri Urrats Taldeko funtzionamendu gastuak ordaintzeko erabili dituzte. 1984tik hona, Herri Urratsen bildutako diruarekin, hainbat ikastolak egoitzak eraiki, konpondu eta handitu ditu. Egun, Seaskaren barne 19 ikastola, 3 kolegio eta lizeo bat daude, maila guztietako 1.823 ikasle eta 125 irakasle denera. Hala eta guztiz ere, Seaskak arazo anitz pairatzen du. Publikotasuna lortu eta euskara ofizial bilakatu bitartean, gogor egin beharko du, orain arte egin bezala. Jarrera horren isla da aurtengo leloa: "Gaurdanik geroa".
LOGOA
Hamazazpigarren Herri Urrats jaiaren logoa Mauleko Uztaro enpresak sortu du. Leloa aldiz, Itxaro Bordarena da, eta aurtengo abestiaren izena darama: "Gaurdanik geroa". Logoak, Iparraldearen osotasuna kontuan hartuta, kostari eta mendialdeari egiten die erreferentzia.
OIHU BAT BEROA
Abestiaren hitzak Itxaro Bordak idatzi ditu, eta doinua, berriz, Hemendik At talde nafarrarena da. "Entzun da, eroa, oihu bat beroa: gaurdanik geroa" behin eta berriz dio abestiak; izan ere, euskararen ofizialtasuna eta elebitasunaren aldeko oihua daude gero horretan.
HAURRAK PROTAGONISTA
Bost gune izango dira Senpereko aintziraren inguruan eta egitarau zabala aurkituko dute bertara hurbilduko direnek. Horretarako, 1.000 bolondres izango dira lanean egun horretan. Seaska 30. urteurrena ospatzen ari denez, 2000. urteko festa honetan haurrei zuzenduriko ekitaldi franko izango da: erraldoiak, antzerkia, jolasak, zirkoa, eskulanak, pottokaz ibilaldiak... Halarik ere, adin guztietako lagunek izango dute Lapurdiko herrian gozatzeko aukera, egun osoan herri kirolak, dantza emanaldiak, bertso saioak eta kontzertuak, esaterako, izango baitira.
GARRAIOA
Jende asko bilduko da maiatzaren 14an Senperen eta trafiko arazoak saihesteko, autobusak erabiltzeko eskatu dute jaiaren antolatzaileek. Batez ere, Hegoaldeko herritarrei egin diete eskaera hau, herri askotatik ateratzen diren autobusak har ditzaten.
SALGAI
Urte osoan Herri Urrats dela-eta arropak eta osagarriak saltzen dituzte ikastoletan eta festetan. Neguan polarrak eta bainuko oihalak jarri zituzten salgai, eta uda honetarako, heldu eta haurrentzako mota guztietako kamisetak izango dira salmenta postuetan.
FESTA GEHIAGO
Seaskaren 30. urtebetetzea ospatzeko bi ekitaldi egin dira jada eta beste bi izango dira aurki. Iazko abenduaren 9an Olentzero eguna izan zen Donibane-Garazin eta apirilaren 1ean "Karrika Alaituz" jaia Donibane-Lohizunen. Hurrengo ekitaldi nagusia Herri Urrats izango da eta ekainaren 17an Seaskaren 30. urtemugaren ospakizunak jai erraldoi batekin amaituko dira Miarritzen.