argia.eus
INPRIMATU
JOXANTONIO ORMAZABAL
"HAURREN ULERMEN AHALMENA ASKO GARATU DA"
  • "Gorritxo eta Beltxiko"ren idazlea eta Elkarlaneaneko editorea
2000ko maiatzaren 14a
Zergatik Gorritxo eta Beltxiko? Nola erabakitzen da ipuin batean zer kontatu?
Nik beti izan dut gauza laburrak -poemak eta ipuinak- idazteko ohitura. Ipuin honek, bereziki, badu bere istorioa. Aspalditik poema hau nuen idatzita inurri gorri eta beltz bati buruz: "Inurri gorriak/ eta inurri beltzak/ topo egiten dute zuhaitzaren puntaren puntan. / Hor daude biak/ muxu-muxu, goxo-goxo/ zuhaitzaren puntaren/ puntako orrian. / Hor dabiltza biak/ firin-firin, faran-faran/ maitasunaren norian." Bururatu zitzaidan gero hortik ipuina ere irten zitekeela. Nolabait kateatuta gelditu nintzen poema honetan.

Inurriek badute esanahi ezkuturik?
Txikitatik bitxia iruditu zait inurri gorriak eta beltzak egotea. Zergatik? Ez dakit. Gero ipuinaren baitan irakurleak aurki dezake arrazakeriaren aurkako interpretazio bat: inurri gorria bakarrik gelditzen da, inurri beltz pilo batekin topo egiten du eta hauek ondo onartzen dute... baina nik ez dut zuzenean hori adierazi nahi izan.

Ordenadorearen garaian, garaipen bat da ipuinak idaztea?
Idaztea baino gehiago, poza ematen du haurrek zure ipuinak irakurri eta onartu dituztela ikusteak. Niretzako ipuinak idaztea ausardia da, abentura hutsa. Baina beti norbaitentzat idazten dut, haurrentzat alegia. Eta oraindik, nahiz eta teknikak aurrera egin, haurrek asko irakurtzen dute. Baina ez dakit gogoz, behartuta ala erdi behartuta egiten duten.

Haurrak azkarragoak al dira orain?
Egun haurrek entrenamendu handia dute. Ikastolan ez zaie erakusten "a", "i" puntuarekin, "o" borobila... gauzak beste era batera lantzen dira eta irudimen handiagoa dute. Gainera telebistak-eta umearen ulermen ahalmena asko garatu dute