argia.eus
INPRIMATU
KTM
GAZTE TRIBUKO AZTIA JOAN DA
  • Adio eta hurren arte esan du "Kate mundiala" gazte saioak. Nahiz eta emisio ordua aproposena ez den izan, gazteen topagune bilakatu da ikusgai egon den denboran. Udazkenean jarraituko ote duen ikuskizun dagoela, txosten bat atera dute ikusleen iritziak bilduz.
2000ko maiatzaren 14a
Bere txokoa eginda bazeukan ere, ez du jarraitzerik izan. Bi arrazoi nagusi egon dira; batetik ETB nozitzen ari den aurrekontu murrizketa, eta bestetik, telebista kontsumoa nabarmen jaisten dela maiatzetik aurrera eguraldi ona eta azterketak direla eta. Dena den, geroari begira, "KTM" astean behineko saio bilakatzea proposatu diote ETBri, larunbat eguerdian hain zuzen, tarte horretan gazteak telebista ikusteko prestuago egoten dira-eta. Inkestan ondorioztatu denez, nahiz eta saioaren itxura eta mamia gustukoak izan, gazteek ezin dute nahi adina ikusi. Horren haritik, Juan Luis Goitiandiak saioaren zuzendariak egindako txosten estatistikoa adierazgarria da oso. 1999ko irailaren 20an "KTM" hasi zenetik 13 eta 35 urte bitarteko 1.000 lagun baino gehiagok erantzun du galdeketa, ehuneko 57 Bizkaikoak, ehuneko 34,5 Gipuzkoakoak eta ehuneko 8,5 Arabakoak. Emaitza nabarmenenak honakoak dira:
Laginaren % 95ak saioa ezagutzen du. Horietatik % 34k gutxienez astean behin ikusten dute, gehienetan asteazkenetan. Orohar, ez dute saioa nahi beste ikusten ordu tarte horretan kirola edo eskolaz kanpoko beste jarduera batzuetan aritzen direlako, % 49 hain zuzen. Halere, % 42ri egunero ikustea gustatuko litzaioke. Orokorrean, % 85ak gogokoen duena "KTM!"ren estiloa eta bideoklipak dira, ondoren bideoerreportajeak (% 83), zinea (% 81) eta, azkenik, elkarrizketak (% 79). Bestalde, gutxien gustatzen zaiena emisio ordua da, % 14, hain justu.


NESKA ETA MUTILEN GUSTU EZBERDINAK.

Nesken % 80ari ileapainketa, bideoklipak, moda eta bideoerreportajeak, zinea, dantza eta makilajea gustatzen zaizkio. Berriz, 13 eta 16 urte bitarteko neskei gutxien gustatzen zaiena bideojokoak dira (% 63), animaliak (% 64), web guneak (% 66) eta astrologia (% 69). 17 urtetik gorakoei, ordea, gutxien gustatzen zaiena ekologia (% 41), bideojokoak (% 61), zoriontzeko deiak (% 64) eta animaliak (% 69) dira. Mutilei dagokienez, 13 eta 16 urte bitartekoek bideoerreportajeak aukeratzen dituzte lehenengo (% 86), zoriontzeko deiak ondoren (% 83), bideojokoak (% 82) eta zinea (% 81). Gutxien gustatzen zaiena, aldiz, "KTM" Bihotza (% 61), dantza (% 62), aerobic-a (% 64) eta ileapainketa (% 69) dira. 17 urtetik gorakoek. Bestalde, nahiago dute ekologia (%94), bideoklipak (% 88), elkarrizketak (% 77) eta bideoerreportajeak (% 77). Gutxien gustatzen zaiena, aldiz, astrologia (% 56), testak (% 60), web guneak (% 62) eta KTM Bihotza dira (% 65).
Egia da halaber, hutsune bat betetzera etorri dela "KTM", ezer gutxi baitago gazteei begira euskaraz egindako produktuetan; prentsa idatzian, "Euskaldunon Egunkaria"ko "Barkatu, ama" kenduta, ez dago gazte aldizkaririk. Eta irratian, Euskadi Gazteko "Hi bizi haiz, hi". Goitiandiak dioskunez, "'Correo' egunkariak kritikatu egin zigun gazte boxealariak eraman izana, baina tira, gehienak kritika onak izan dira. ETBn ahaztuta dauden bideoklip mordoa erakusteko aukera izan dugu, gainera. Aipagarria da ere musika taldeek izandako jarrera, ez baitute ezer ere kobratu saioan 'playback'en jotzeko"