argia.eus
INPRIMATU
ARRASATE IRRATIA
ARO BERRIAN IRAGARKIAK LAGUN
  • Udal irratia berriz emititzen hasia da Otalorako egoitza berritik, Arko enpresak kudeatua baina. Euskarri digitala eta publizitatea sartzea dira berrikuntza nagusiak.
2017ko azaroaren 28a
Udalarena izaten jarraituko badu ere, irratiaren kudeaketa Arkok hartuko du bere gain. Akordio honen ondorioz, bi dira aldaketa nabarmenenak; alde batetik, publizitatea sartzen dute lehenaldikotz, horrek dakartzan onurekin baina irrati komertziala bihurtu gabe. Arko-ko komertzialek izango dute hiru hedabideentzako publizitatea bilatzearen ardura. Bestetik, hiru urteko iraupena duen akordioan adostu dutenez, udalak dirulaguntza eman du lantresna analogikoak aldatu eta 3 milioiko balioa (120.000 libera) duen euskarri digitala jar dezaten; baita bi milioiko dirulaguntza ere. Halaber, Arrasate Pasealekutik Otalora Lizentziatua kalera lantresna guztiak eramateko udalaren laguntza jaso dute. Horren haritik, entzuleak ez daitezela gehiegi harritu esatariek kanta bat aurkeztu eta botoia sakatzean herriko auto eskolaren iragarkia agertzen bada, euskarri berriaren trikimailu guztiak ikasi arte halako gauzak gertatzen direlako. "Uhineratzea baino ikasbide hoberik ez dago egin ditzakegun akatsak zuzentzeko" azaltzen digu Arko-ko Agurtzane Ganzarainek.
Udal irrati hau 1994an sortu zen programazio orokorra euskara hutsean eskaintzeko asmoz beti ere herriaren zerbitzura. Joan den otsailean emisioak etetean zegoen programazioari eutsiko diote. Hau da, 9:00etatik 14:00ak arte izaten da, non magazina, berriak, prentsaren errepasoa eta herriko kontuak tartekatzen diren. Arratsaldean berriz, goizeko emankizunen errepikapena egiten dute. Gaueko 21:00etatik 23:00ak bitarte aldiz, musika saio ezberdinak aireratzen dira kolaboratzaile gazteen eskutik. Bestalde, oraingo programazioa uztailera bitarte horrela mantentzea erabaki dute, nahiz eta uda ondoren aldaketak egitea oso litekeena izango den. Lantaldeari dagokionez, Gaizka Vitoria, Alazne Ostolaza eta Aitziber Aranburuzabala aritzen dira mikro aurrean