argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
TXERRIAK ERE UKO
  • Marrubiak sartu dira dagoeneko gure sukaldeetan. Itxura ederra izan arren ordea, Espainiako hegoaldetik ekarri ohi diren marrubi handiek ez dute basati txikiek adina zapore.
Jakoba Errekondo 2000ko apirilaren 23a
Ardo-botilak eta itxurako esne-gain espraiak astintzen hasi dira sukaldeetan urrutiko lurraldeetatik etorritako marrubien dantzan. Marrubia, arrega, mailubia edo mailukia larru azala garbitu eta leuntzeko erabiltzen zuten erromatarrek. Erdi Aroan baratzetan lantzen zen eta berpizkunde garaian marrubitxoak jateko izugarrizko moda zabaldu omen zen. Honetan ere sexuak ederki asko mugatuz, emakumeek esnegainaz eta gizonezkoek ardoz lagundurik.1713. urtean Frézier izeneko marinel frantzes batek basatien aldean marrubi izugarri handiak ematen zituen bost landare ekarri zituen Chiletik. Bost landare hauek eta europarren arteko nahasketen ondorioz sortutakoak dira egun ezagutzen ditugun barietate guztiak. Barietate hauen artean negu amaieran eta udaberri hasieran azoka guztietara zabaltzen diren marrubi erraldoiak dira ezagunenak. Andaluzian ekoizten dira, batik bat, marrubi puska hauek. Eguraldi bikainak direla-eta inon baino azkarrago hazten direnez, dirutza ederra egiten dute hango nekazariek. Hazi bai baina bai makal-arraioak! Eta espraietako ustezko gainarekin zerriak bai jan, baina txerria ere ukatuko litzateke... Azala leuntzeko bezala, aho-sabaierako alde ederrekoak baso ertzeetan laster hazi bakarrik ez, helduko diren txikitxoak...