Herri mitologiaren eta azken hamarkada hauetan literatura, komiki eta alegiazko zinearen eraginez, landare karniboroak gizaki osoak irents ditzaketen landare erraldoi eta beldurgarri gisa identifikatu ohi baditugu ere, errealitatea oso bestelakoa da. Landare karniboroak, bizi diren inguruneetako elikagai mineralen urritasunari aurre egiteko animalia txikiak erakarri, harrapatu eta liseritzeko moldaera harrigarriak garatu dituzten eite txikiko landareak dira. Landare hauen biktimak tamaina txikiko animaliak dira beti, hala nola, intsektuen larbak, inurriak, euliak, erleak, matxinsaltoak...
Landare karniborismoaren prozesuak hiru fase dauzka: erakarpena, harrapaketa eta liseriketa. Erakarpenaren bidez, landareak animaliak hurbiltzea lortu behar du. Horretarako, batzuk usain atseginak jariatzen dituzte, beste batzuk nektar goxoak ekoizten dituzte eta beste batzuk kolore deigarriak azaltzen dituzte. Harrapaketan, hurbildutako animaliak harrapatzea lortu behar du. Horretarako, batzuk harrapakinaren mugimenduarekin automatikoki itxi egiten diren malguki edo zurrupaketarako tranpak dituzte. Beste batzuk, berriz, tentakulu eranskorrak dituzte eta azken batzuk kutxa edo inbutuak. Liseriketan, harrapatutako animaliak liseritu eta horrela, inguruan lortzen ez dituen elikagaiak eskuratuko ditu. Liseriketa landare karniboroen kanpoaldean gertatzen da. Euskal Herriko landare karniboroak bi familiatakoak dira: droserazeoak eta lentibuliazeoak. Droserazeoak, -eguzki-ihintzak-, hostoen gainean gorri bizi koloreko filamentu eranskorrak dituzten landareak dira. Lentibuliazeoak, berriz, bi motatakoak izan daitezke: errosetoiak eratzen dituzten hosto distiratsu, koipetsu eta eranskorrak dituzten muki-belarrak eta uretako animaliak harrapatzeko zaku zurrupatzaileak azaltzen dituzten utrikulariak