argia.eus
INPRIMATU
CASTING-ETAN BARRENA
"FULL MONTY" EGITEKO PREST?
  • Ez zuten Casting-erako halako jende-olderik espero; 3.500etik gora partehartzaile beren burua, gehienbat aktore, eta gutxiago, aurkezle izateko. Lehen galbahearen ondoren, 500 bat geratuko dira. Horien artean beste hautaketa bat egingo da bideo artxibo bat osatzeko.
2017ko azaroaren 28a
Urduritasuna nabari da airean. Miramongo kafe makinak etengabe martxan eta komunetako papera agortuta. Badira jakinmin hutsez gerturatzen direnak, baita erabat konbentzituta daudenak ere. Aktore izan nahi duen hegazkin pilotoak, albaitariak, kantariak... Normal jantzita edo dotore doazenak, ezkontza batera joango balira bezala. Itxurak itxura, partehartzaile gehienak kezka aurpegia dutela ateratzen dira casting-etik. Bat baino gehiago ere negarrez ikusi dugu. Lezoko Nuria itxaropen handirik gabe irten da. Josu mutrikuarra, "Goizeko izarra" taldeko kidea, ohituagoa dago Goenkalen aritua da-eta. Kristina, 17 urteko neska liraina, Irundik etorria da, "aktorea izan nahiko nuke, nahiko gustura aritu naiz kamera aurrean". Harrera ona izan du ETBk egin deialdiak. Hainbeste jende aurkeztu da, non Miramongo eraikinak txiki geratu diren. Ondorioz, Iurretan ere frogak apailatu behar izan dituzte. Audizioak ziztu bizian doaz, batez beste 200 hautagai egunero. Hamar lagunetik lauk euskaraz egiten du proba, gehienak antzerki eskoletatik etorriak, aurkezle gaiak berriz, gutxi daude. Badira edozer egiteko prest leudekeenak ere. Nafarroatik jende anitz etorri da. Iparraldetik berriz, oso gutxi.
Frogan ezer gutxirako balio du curriculumak kamera aurrean irudi kaskarra ematen bada. Bat-batekotasuna eta hautagaia eta kameraren artean dagoen kimika hobesten da. "Baina noski, nerbioekin pertsonak ez du bere kapazitatearen laurdena ere ematen" diosku castinga egiten diharduen Jose Mari Otermin ETBko programetako buruak. 10:00etatik 20:00ak arte. "Irakurketan berehala igartzen zaie urduri dauden ala ez, listua loditu egiten baita. Pertsona bakoitza misterio bat da, horregatik izaten ari da hain lan polita. Gazte aktore harrobi ona dator, gainera". Galbahe aren ondotik, 500 lagun geratuko dira maiatzaren 8an bigarren frogaldiari heltzeko. Orduan kamerarekin hogei minutuz grabatu eta bideo artxiboa taxutuko dute