PFEZ-RI BEGIRA PRESTATU DEN atxikipenen taula berrian 41 sail bereizi dira, aurrekoan baino 15 sail gehiago. 2000ko urtarrilaren 1ean indarrean jarri zen taula berri honek 1998an adostutako erreforman aurreikusten zenaren tokia hartzen du, eta EAEko hiru foru ogasunak eta Jaurlaritza biltzen dituen Zergen Koordinaziorako Organoan adostu ondoren, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zen. Asteotan bideratzen ari den 1999ko errentaren aitorpenean aurreko taula azaltzen da, eta alboan aurkezten duguna, berriz, 2000. urteko errentaren aitorpenean, 2001eko udaberrian egin beharrekoan, aplikatuko da.
Taula berri honek kontu-atxikipenak eta pertsona bakoitzaren errentaren azken emaitzak egokitzea du helburu. Hau da, taula berrian zehazten diren 41 sailek zergapekoen sarrerak eta atxikipenak ahalik eta era zehatzenean aurkeztea du helburu, aitorpenaren garaian ordaindu nahiz jaso beharreko kopuruak ahalik eta txikienak izan daitezen. Honenbestez, 1,3 milioi pezetatik aurrera (52.000 milioi libera) %1ekoa da atxikipena, eta 22 miliotik gorako errentak eskuratzen dituztenentzat %40koa.
Taula berriak murriztu egiten ditu atxikipenak, batez ere errenta altuenak eta baxuenak eskuratzen dituztenenak. Nolanahi ere, taula berriak errentaren arabera bost punturainoko murrizteak aurreikusten dituen arren, 17 milioi pezetatik gorako errendimenduetan gertatzen dira beherapenik handienak, beti ere aurreikusitako sailen arabera.
Hasiera batean 5 milioi pezetatik gorako sarrera dutenei aitorpena egiteko betebeharra ezartzea aurreikusi zen. Hala eta guztiz ere, taularen behin-betiko egiturak eraman du hasiera batean aitorpena nahitaez egiteko zehaztutako 5 milioiko kopurua 3 milioitan uztea. 1,2 milioi pezetakoa da Espainiako Estatuko beste lurraldeetan zehaztutako muga. Bizkaiko Ogasun saileko arduradunen ustez, zenbat eta gehiago murriztu atxikipenak, orduan eta aitorpen positibo (ordaindu beharra) gehiago daude eta aitorpen negatibo (itzuli beharra) gutxiago; horrexegatik estutu behar izan da aitorpena aurkeztetik libre geratzeko muga. Bizkaiko Ogasunak eginiko kalkuluen arabera, sistema berri honi esker lurralde honetan dauden ia 500.000 zergapekotatik 213.349 inguru lagun geratuko dira aitorpena aurkezteko betebeharretik libre.