Ospakizun handietarako gordetzen den Alkate Soinuak zabaldu zuen itxuraz zapatu arrunta zen hura. Txistulari eta atalabaleroaren atzetik Udalkideak gorporazioan. Bazirudien herria hutsik zegoela, haize nahasiak bazterrak zakar astintzen zituen bitartean. Udaletxetik eliza aurrean dagoen artera iritsi eta lau ertzetatik jendea biltzen hasi zen. Oroitzapen bat aspaldi batean arbola haren azpian batzarra egiten zutenei. Errituala beteta, Kultura Etxearen azpialdean dagoen ludotekara bildu ziren herritarrak.
ALEKA, berrehun eta berrogei biztanleko herri batean ez baitago jende uholderik. Berrogeita hamar lagun batzarturik. Adina, hasi laurogei urteren bueltatik eta hogei urtez azpikoenganaino. Soziologoren batek herriko lagina hartu nahi izan balu, ez zukeen aukera hoberik egingo: hemen amona bat, hor lanean lehen pausoak ematen ari den gaztetxoa, han herritartu berri den gizon gaztea... Koadroari kolorea emateko herriko txikiena izan behar duen urte erdiko neskatoaren negar hotsak. Gizonezkoak ugarixeago emakumezkoak baino, alde handirik gabe ordea.
Hirigintza, kultura, nekazaritza, zerbitzuak, azpiegiturak, garapena, diru kontuak... Batzorde bakoitzeko arduradunek urtebeteko gestioaren berri eman zuten banan bana. Ordubetean egina zegoen errepasoa, denak ongi ulertzeko moduan. Eguerdi aldera etena hamaiketakorako. Patata tortila, lukainka eta kroketa alerik ez zen geratu. Ardoa eta txakolinak askatu zituzten mingainak. Tertulia giroa moztu egin behar batzarraren bigarren parteari ekiteko. Herritarren txanda zen, galderak, kezkak, iritziak eta iradokizunak luzatzeko garaia.
Minuturen bat norbaitek hitza eskatu arte. Bilerako zaharrentxoenetakoa izanik, izotza haustera ausartuko zela gizona. Hitza hartu eta proposamena bota: herria zabaltzeko aurrikusten diren obretan, zeharbidea egiten denerako, halako harizti salbatu behar litzatekeela. Hortik aurrera, emakumezkoa oraingoan iradokitzailea, herriko beste terreno hura alfer alferrik eduki gabe, komeniko litzatekeela arbola batzuk landatu itzala egiteko, aulki batzuk jarri eta ingurua erabiltzeko moduan prestatzea. Artzaiak gaztandegiaren alde egin zuen. Gaztandegia ardi esnetarako bakarrik ala behi esneak ere ez ote du irtenbide hori behar? Behientzako negurako ikuilu kolektiboa proponitu zuen beste batek, "bestela behirik gabe geldituko gara laster". Herri bideen erabilera arautzeko ordenantza baten beharra. Partzoneria Arabarekiko lotura modura. Aizkorriko Parke Naturalak ze sarbide izango ote dituen.
MENDI eta larreetatik, flora eta faunatik, kulturara. Herriko artistak, musikoa eta pintorea bera, Goyak eta Iparragirrek herri honekin izan duten lotura behar bezala aldarrikatzekotan, gai horien azterketan sakondu beharra planteatzen du. Badagoela tesi baterako gaia: Goyaren zakur buru baten pinturan, izpiekin begiratu eta lehenago egindako irudi bat azaltzen omen da, baserri etxe batena hain zuzen ere. Arbasoen jaiotetxea ote? Goya hemen ibilia ote zen? Kultura kontutan sartuta, kezka eta dei bat: ehuneko ia ehun euskalduna izan den herri honetan, hizkuntza honen erabilera zabartzen ari ote den. Eta horrela, ezarian ezarian, atera ziren hizpideak, jario apal eta ordenatuan, naturalidade osoz.
Ikusitakotik pare bat ondorio bai: bata, demokraziaren defizitak izan ditzakeela neurri zuzentzaileak, herritarra lau urtetik behingo botante huts izatetik aterako dutenak. Bestea, elkarrizketa praktikan jar daitekeela herri mailan, bakoitzak dakien eta interesatzen zaion hartaz iritziak eman eta proposamenak luzatzen dituela.
Zerainen gertatu da hemen kontatua, apirilaren bigarren zapatuan. Norbaitek ezer gehiago jakin nahiko balu, badaki nora jo: irautetik bizitzerako pausoa eman eta herrigintzan urrats berriak asmatzen ari den txoko horretara