TXAPEL BABAZORROA JOKOAN

  • Urteroko hitzorduari huts egin gabe, aurten ere jokoan da Arabako XI. PrudentzioDeuna-Estibalizko Ama bertso saria. Edizio honetan 30 bertsolarik eskuhartu du, gehienak (21) arabarrak izaki. Finala larunbatean izango da Gasteizen.
Estreinako 3 kanporaketak eta 2 finalerdiak pasata, finala baino ez da falta aurtengo Prudentzio Deuna bertso sariko txapelduna nor izango den jakiteko. Lehenbiziko 3 kanporaketetan 24 bertsolarik kantatu zuten, Gasteizko Txusta tabernan, Araian, eta Izarran. Hasiera batean finalerdietara seik pasa behar bazuten ere, berdinketa hirukoitza gertatu zen eta antolatzaileek 10 bertsolari pasarazi zituzten. Aurreneko saioan, "Txusta"n, Egoitz Unamuno, Irati Lotina, Maiteder Sasieta, Eñaut Frantzesena eta Ruben Sánchez Bakaikoa sailkatu ziren hurrenkera berorretan. Araiako saioa, puntuazioari begiratuz gero behintzat, apur bat motelagoa gertatu zen eta Andere Arriolabengoak baino ez zuen hurrengo kanporaketarako txartela lortu. Azkenik, Izarrako saioan, hiruetan onenean, Juan Mari Juaristik, Beitto Martinezek, Irati Andak eta Manex Agirrek egin zuten aurrera.
Hamar lagun hauek aurrez finalerdietarako sailkatuak zeuden 6 bertsolariekin egin zuten topo; Asier Iriondo, Zigor Enbeita, Nagore Soroa, Asier Otamendi, Oihane Perea eta Rikardo Gonzalez de Duranarekin, alegia. Finalerdiak martxoaren 31n Laudion eta apirilaren 1ean Aramaion burutu ziren. Lehenbiziko finalerdian Asier Iriondo eta Zigor Enbeita ibili ziren nor baino nor, eta azkenean Asier (151 puntu) nagusitu zitzaion Zigorri (150). Nagore Soroak egin zuen hirugarren (133.5). Bigarrenean Asier Otamendi nagusitu zen (146.5), eta bere atzetik Oihane Perea (141) eta Rikardo Glez. de Durana (131.5) sailkatu ziren.
Ez da ezustekorik izan beraz, finalerdietarako sailkapena aurrez zuten seiak pasa baitira finalera. Baina azpimarratzekoa da bertsolari berri asko estreinakoz sartu dela finalerdietan eta oso ondo aritu dela; beste batzuk -ezagunagoak- maila ona eman dute eta finaletik oso gertu geratu dira (Juan Mari Juaristi kasu, puntu erdira geratu baita). Hau guztia dela eta, eta finala jokatzeke dagoela ere, Arabako bertsozaleek pozteko arrazoirik badute. Gainera, txapelketa osoan zehar giro polita egon da; sari hau Arabako bertsozaleen festa bihurtu da azkenengo urteetan: saioak, hauen osteko afariak, belaunaldi "zahar" eta gazteen arteko lotura...
Orain txapela nork bereganatuko duen jakitea baino ez zaigu falta. Asier Otamendik azkenengo hirurak bere egin ditu, baina iaz Oihane Perea ezustekoa emateko zorian egon zen. Bestalde, ez dugu ahaztu behar Asier Iriondo puntu gehien lortu duen bertsolaria dela eta Zigor Enbeita puntu bakar batera geratu zaiola; bai batak, bai besteak badakite zer den txapela janztea. Azkenik Rikardo Glez. de Duranak, beteranoenak, eta Nagore Soroak, gazteenak, ez dute halako presiorik, eta horrek euren alde egin dezake. Larunbat honetan Gasteizko Florida Kultur Etxean 19:00etan dugu hitzordua

ARABAKO BERTSOLARITZAREN HISTORIA LABUR BAT
Duela ia 20 urte, 1982ko urrian, Gasteizko "Zapa" kaleko euskaltzale lagun talde bat bildu zen bertso eskola sortzeko asmoz. Asmoa ez zen soilik bertsolaritza lantzea, baizik eta ordura arte nahikoa sakabanatuak zeuden euskaldunak bildu eta euskara kale-taberna-plazetara ateratzea. Araba aldean bertsolaritzaz gehien zekienarekin harremanetan jarri ziren, Abel Enbeitarekin. Honek geroztik eta gaur arte lan eskerga egin du, eta bera da, besteak beste, egungo egoera ahalbidetu duena.
Gasteizko bertso eskola sortu eta Laudiokoak eman zion segida. Gerora Amurrion, Agurainen, Aramaion, Legution eta Kanpezun sortu izan dira bertso eskolak, Abel eta beste batzuen lan ixilari esker. Horrez gain, ia ikastola guztietan ikastaroak-eta egin dira. Guztira, bakarrik Gasteizen, 200 lagunetik gora pasa da bertso eskola batetik (gaur egun 4 bertso eskola daude Gasteizen). Bestalde, begi bistakoak dira lan horren emaitzak: bertsolaritza erabat arrotza izatetik, honen inguruko giro bat sortzera pasa da; saio ugari egiten da urtean zehar, bertsolariak pixkanaka sortzen dira, bertsozaleak ugarituz doaz, Prudentzio Deunako txapelketa hor dago...
1984an orain artean izan den lehen eta azken Arabako Txapelketa jokatu zen, "Txinotxu" izan zelarik garaile. Gero, Bizkaiarekin batera egin izan da txapelketa, nahiz eta hemendik aurrera ez den hala izango. Araba eta Bizkaiko Txapelketa horretan Arabako bertso eskoletako ordezkariak gehienez finalerdietara sailkatu dira (Juanjo Respaldiza, A. Enbeita, A. Otamendi eta Zigor Enbeita).
Alabaina, Araban batez ere bertako bertsolariei zuzendutako txapelketa baten beharra ikusten zen. Honela, 1990ean, Prudentzio Deunako saria abiarazi zuten. Txapelketan Arabako bertsolariek eskuhar dezakete, baita Arabako bertso eskoletan aritzen direnak ere, baldin eta urte berorretan beste herrialdetako txapelketetan eskuhartu ez badute; sariaren helburu nagusietariko bat bertako bertsolari berriei jendaurrean kantatzeko aukera ematea da. Lehenbiziko edizioan Abelek bereganatu zuen txapela, eta geroztik ez da gehiagotan aurkeztu (92an utzi zion plazetan kantatzeari). Ondoren, txapeldunak honako hauek izan dira: Kepa Bizkar, Zigor Enbeita bitan segidan, Rikardo Glez. de Durana, Asier Iriondo, Rikardo berriz, eta azken hirutan Asier Otamendi.
Historia labur honetan ezinbestekoa da hasiera hartan eta gaur ere Arabako bertsozaleen "etxea" den Gasteizko Txusta taberna aipatzea. Lanzale dantza taldeko egoitzan biltzen hasi baziren ere, Txustara alde egin zuten berehala, "gehiegizkoa zelako dantzariak eta bertsolariak batera". Udalak pisu bat ere eskaini zien, baina haren egoera txarra zela eta, ez ziren Txustatik atera. Bertan egin da dena: klaseak, bilerak, bazkariak, afariak, entrenamenduak, saioak...
Txiki izanagatik ere, Arabako bertso eskolek badute harro sentitzeko arrazoirik: 84ko txapelketa hartan Amaia Otxoa izan genuen, inongo bertso txapelketatan eskuhartu duen aurreneko emakumea. Andoni Egañak urteak eman ditu bertan entrenatzen; 89ko Txapelketa Nagusia Txustan prestatu zuen. Jon Maiak edota Igor Elortzak ere urte ugari eman dute hemen entrenatzen, klaseak ematen. Eta ez dira bakarrak izan...
Ezingo genuke historia labur hau bukatu bertso eskolan lanean dihardutenak aipatu gabe: Oihane Perea, Karmele Madinabeitia, Patxi Aizpurua, Xabier Riko, "Txerren" eta "Txipi" Ormaetxea, Serapio Lopez...


Azkenak
2024-03-31 | Julen Azpitarte
Zinearen historiako film-kontzerturik “onena”

Oscar sari andana jaso zuen The Silence of the Lambs (1991) thriller-a zuzendu zuen Jonathan Demme (1944-2017) zinegile estatubatuarrak estreinatu zuen zineak inoiz eman duen kontzerturik onena: 1970eko hamarkadaren erdialdean New Yorken eratutako Talking Heads taldearen Stop... [+]


"Enpresa pribatuen esku utzi da segurtasun publikoaren norabidea"

Ertzaintzaren azken hamarkadako bilakaera teknologikoa aztertu du bere liburu berrian Ahoztar Zelaieta ikerketa kazetari, kriminologo eta ARGIAko kolaboratzaileak. Segurtasunaren industria ikertu eta Ertzaintzarekin duen lotura plazaratu du, La Ertzaintza que viene... [+]


Campi Bisenzioko GKN fabrikan batu dituzte langile borroka eta ekologismoa

2021eko uztailaren 9an jaso zuten kanporatze abisua Campi Bisenzioko GKN lantegiko 422 langileek. Biharamunean berean abiatu zuten fabrikaren okupazioa eta orduz geroztik bertatik dabiltza borrokan, deslokalizazioaren aurkako borroka zena bestelako industria eredu baten aldeko... [+]


Judith Bilelo Biachó
"Erakundeek ez digute lagunduko, guk geure hizkuntzan hitz egitea lortzen ez badugu"

Judith Bilelo Biachó gure artean izan zen iragan udazkenean, Garabideren Aditu programaren karietara. Ekuatore Ginean jaioa (Malabo, Bioko, 1975), bubi etniako kide da, bubiera hiztun eta hizkuntzaren aldeko militantea. Iraganaz bezainbat mintzo da orainaz, geroari... [+]


Eguneraketa berriak daude