Udaberriko txanpa hartzean udazkeneko lehen izoztera arteko tarteari ahal den etekinik onena kentzea da landare gehienen asmoa. Ihartzeari, ihartu ordez akabatu edo hil esan beharko ote nuke? Bo... ihartzeari landareek dioten errespetuagatik, badaezpada ere, urteko eginkizun garrantzitsuena fruituak ematea dute. Eta artaburu batzuk ez bezala, fruituak lorea behar du aurretik. Urte guztiko punta-puntako unerik bada, lorealdia denez, hau noiz zabaldu aukeratzen izaten dute lana.Garaiaz gain, nolako lorea garatu da beste buruhaustea. Honetan landare familia edo koadrila bakoitzak moda bat du hautatua. Fruitua emango duen lore emea ernalduko duen arraren polena nola barreiatu da hautuaren gakoa. Barreiatzaile haizea duten landareek lorearen itxura ahaztu eta polen asko ekoiztera bideratzen dute energia. Polena zabaltzeko intsektuen laguntza ezinbestekotzat jotzen duten landareek, aldiz, polen gutxiago ekoiztu eta bere kemenak intsektuak erakartzen xahutzen dituzte, kolore biziz jantzitako lore handi ikusgarriak eta usain edo kirats dotorez hornituak emanez. Honetan ere alde ederra dago pinua, haritza edo belarren lore ia ikustezinetatik, mendi eta belazeak margoz eta usainez betetzen dituzten landare harroputzetara. Harroputzak ala azkarrak?