Errezilgo Beamako lurretan dago Granada izeneko etxea, malda gogorreko mendiz alde guztietatik inguratua, erreka zulo batean gordea. Etxea ikusi nahi baduzu bertara hurbildu beharko duzu. Beste zenbait benta ere badu inguruan, Iturriotzekoa, Etumetakoa, Erdoiztakoa, Santa Engrazikoa... Asteasuko Andazarrate atzean utzita, Iturriotzetik behera, porlanezko bide estu eta arras maldatsuak bentaraino eraman gaitu. Han, etxe aurrean, errekatxoaren ondoan, utzi dugu autoa (210 m). Etxe ederra da oso, erabat berritua dago, bere xarma gorde du baina. Pareta zuriekin kontrastean, egurrezko ate, leiho eta balkoiak ditu. Eta horietatik gustu handiz jarritako oihal zurizko gortinatxoak ikus ahal dira. Atarian, "Granada" izena grabaturik, eta honako hitzak: " Etxe honetan jaio zen Iñaki Eizmendi 'Basarri' 1913-11-27". Salda hartzera sartu gara barrura eta salda beroaren lurrunean, Jose Urbieta etxeko nagusiarekin aritu gara solasean.
Granada duela 60 bat urte erosi zion Joseren aitak Iñaki Eizmendi "Basarri" zenaren familiari. Orduan ere, Granada taberna omen zen, eta apretak saltzen zituzten bertan. Urte horietan guztietan hainbat aldiz berritu eta konpondu dute etxea, baina berrikuntza nagusia orain bi urte egina da, gaurko itxura ederra eman diona. Orain taberna eta jangela zabalak betetzen du lehen behien ukuilua zena. Atsegina eta baketsua etxearen atzealdean dagoen amuarrain-haztegian dituzten pieza ederren bat frijituta dastatzeko. Zoaz, zoaz bertara eta zeuk ikusi... Egun, behiak, ardiak, oiloak eta gainerakoak, beste eraikuntza batean dituzte. Lehen inguruko baserrietako jendeak jotzen zuen bertara, oinez ez bazen astoarekin. Ez baitzegoen oraingo biderik. Aiako Altzuruzelaira joaten ziren han Tolosarako autobusa hartzeko, bertan enkarguak egin eta arratsean etxera itzultzeko. Gainera jende asko pasatzen omen zen Granadatik, Aiatik Azpeitiara joateko.
Josek berak izan zuen amuarrainak hazteko ideia. Garai batean errota bat zegoen tokian, etxetik gertu, presatxo batean jarri zituen amuarrain txikiak eta gaur asko ditu. Ikatza egiten ere ibiltzen zen, eta Zarautzera eramaten zuen Mariano Iribar banatzaileari saltzeko, kiloko hiru pezetan, eta Tolosara eta Lasaora ere eraman ohi zuen mandazainen laguntzaz. Tabernaren sarreran hain justu, Joseren argazki zahar bat ikus daiteke paretan, txondorraren gainean ikatza egiten.
Erdoiztan ibili zen eskolan, baina denek alde egin zuten handik, eta orain biztanle bakarra dauka. Jaietara, aldiz, Aiara joaten ziren, eta nola ez, Ernioko erromeriara. Eguraldi ederra bazen, salda hartu eta zapatak kaxan hartuta joaten omen ziren. Jakina, guk ez ditugu zapatak kaxan eramango, baina joango gara, bai, Granada gaineko mendi horiek ezagutzera. Josek horretarako erabiltzen zituzten bideen nondik-norakoak azaldu dizkigu, eta agurtu ondoren, hemengo amuarrainak probatzera itzuliko garela esatearekin batera utzi dugu Granada errekako benta.
Izan ere, goiz da oraindik, baina eguzkia zeruan altu dago jada. Beraz, motxila bizkarrean eta makila eskuan, etxearen aurrez aurre dagoen oilategi parean, belardi biziki maldatsuan gora abiatu gara, belardiaren puntu altuenera iritsi arte. Hor ateka bat topatu dugu eta bertatik basoan barneratu gara, berriz belardi batera ateratzeko, zaindu gabea oraingoan. Bide garbirik gabe, belar luze, ote eta garo artetik, Erdoizta gainera atera gara (453 m). Bertako eliza bitxia, borobila berau, itxita dago. Igandeetan meza izaten da zortzietan, apaiza Aizarnatik etortzen da eta lauzpabost lagun biltzen dira bertan. Festak San Isidro egunean izaten dira, maiatzaren 15ean. Orduan itzultzen zaio aitzina izan zuen bizitza. Ondoko baserrian bakarrik bizi den gizon atsegina atarian aurkitu dugu, udaberriko eguzki gozotan, zakurra hanketan etzanda duela eta berarekin egin dugu hurrengo ordu erdia, berriketan. "Ni hemen gustura nago, hau osasuna da, oxigeno ederra" dio berak. "Kalean asko ibilitakoa naiz, baina baserrirako afizioa nuen. Tailer batean lan egiten nuen baina nik kontua eskatu eta baserrian nahi nuen egon. Dena ekartzen didate hona, ogia, janaria, pentsua... baina denek alde egin dute". Garai batean hogeita hamar bat haur ibiltzen ziren Erdoiztako eskolan.
Erdoiztako biztanle bakarrak erakutsitako pistatik gora jo dugu, baserriaren aurrean dagoen iturri ederraren eskuinetik pasaz, eta honela heldu gara Komisolatzako gurutzera (612 m). Hemendik, ezkerrean dagoen Indoren gailurra (758 m), ehiza postu zatar zenbaiten artetik igaroz, hamar minuturen buruan hartu dugu. Granada ez da inondik ere ikusten, zulo-zuloan gelditu da. Gustura segituko genuke hemen, eguzkiaren epelean, baina oraindik bide luzea dugu aurretik. Hemendik aurrera gainez gain joan gara, lepora jaitsi eta tontorrak igo, pago artean noizbehinka, Lawson altzifre ilunen ondotik batzuetan, alertzeen alboan besteetan, bizkarrez bizkar, Mendibeltzaren tontor zabal eta garbira heldu arte (963 m). Eta begien aurrean Ernio ezaguna azaldu zaigu, eta bere magalean, Zelatun. Hemendik Gazumera iristeak beste bost minutu besterik ez digu kendu (996 m). Urrutian Aralar ikus daiteke lanbro artean, Aizkorriko paretak eta beste aldera, Izarraitz. Gazume tontorretik behera, Gazumeazpiko artzain-txabolara heldu garenean, gaur ehiztari-txabola bihurtua, bidea utzi eta ezkerrerantz eta beherantz egin dugu basoan sartuz, biderik gabe baina pagadi garbian, Arburu etxolaraino. Zati honetan adi-adi ibili gara, orientazio egokia mantentzeko. Iparrorratza erabiltzea lagungarri gerta dakizuke. Arburun zakur zaunkak besterik ez ditugu entzun. Itxituraz josia dago txabola. Bertaraino iristen den pistan behera, nartzisoz apaindutako zelaiak alde banatara, seinalaturiko Belaunburu tumulua atzean utzi, eta laster porlanezko bidera atera gara. Kotxez egin dugun bide beretik, Agerre eta Etxeberri baserri ederretatik igaroz, Granadara jaistea besterik ez zaigu geratzen