argia.eus
INPRIMATU
NAFARROAKO BERTSOLARI TXAPELKETA
GOIZUETAN BADA TXAPELDUN BAT, DERITZEN ZAIO...
  • Nafarroako Bertsolari Txapelketa azken txanpan sartua da. Hiru kanporaketen eta beste hainbeste finalerdien ondotik, Goizuetan izango da igande honetan finala. Honen aurretiko balorazio bat eskatu diogu igandean oholtza gainean izango den Estitxu Arozenari.
2000ko apirilaren 16a
Urteak agintzen duen bezain borobila ari da suertatzen Nafarroako Bertsolari Txapelketa. 26 bertsolari gara txapelaren bila abiatu garenak. Lehenengo 16 (iazko finalistak finalerdietan hasi baikara) bertsolari, gehienak gazteak eta aunitz berriak. Hasierako fase honetarako elkarteen goxotasuna bilatu dugu, Tafalla, Erratzu eta Betelun, giroa beroa izan da finalerdietan (edo finalherena deitu beharko genioke?) Bidarraien, Beran eta Atarrabian, azkenik Nafarroako bertsoaren egun handiena Goizuetan ospatuko dugu, hainbertze pilotari famatu eman dituen Goizuetako pilota plazan.


PARTAIDETZA ZABALA.

Txapelketaren bidez Nafarroako geografiari errepaso adierazgarri bat eman badiogu, partehartzaileen jatorria ere Nafarroa arragoaren mapan zehar inoiz baino hedatuago ageri da: Lesakatik partehartzailerik gehien (Manolo, Silveira, aurten koordinatzailea den Iñigo, bi Estitxu, Juan Mari Liddurrenbordakoa, eta aurten lehenbizikoz ateri diren Terre, Etxabe, Alaitz eta Ekhiñe); hauen arrimoan, Julen beratarra; Bittor baztandarra ere ez dabil urruti (20 txapelketetatik goiti ditu bizkargainean), Mikel Alzuartekin batera ordezkatzen du haran famatua; Laka baigorriarra eta Senpereko Miura aurten ere euren paper eskergarria betetzera etorri dira, aurten Ezponda ere, atseden ttiki baten ondoren elkartu zaielarik; Araitz Betelun koadrilatxoa osatzen ari da urtetik urtera partaidetza areagotuz: Oskar, Aritz, Zubialde; baserritik Iruñerriko metropolira (Nerea, Ekintza, Iñigo Ibarra); Goizuetatik hurbil Hernanirako joera duen Xabier Legarreta aranoarra; eta aurtengo frexkotasun nagusia: Hendaia.


AMETS SUSTRAITUAK.

Gure ametsak ez dira sustrairik gabeak, zioen Bidarraieko aretoaren atzealdea apaintzen zuen pankartak. Inposaturiko mugaz haratagoko ordezkaritza exkaxten joan da azken urteetan; eta duela ia hamarkada bat, orain ez hain gazte garen batzuekin egin zen bezala, aurten ere 18 urte izatearen baldintzarekin salbuespena egin dugu; honela, bertsotan puntan ari diren Sustrai eta Ametsi ongietorria emanez.


KANPOTIK ERAKARGARRI.

Duela 10 urtetik finala izugarri aldatu bada ere, azken urteetan partaide kopuru handi bat ia ziurtzat jotzen genuen finalerako pronostikoetan. Ez dut erran nahi orain arte finala oparitzen zutenik, baina aurten partaideek genuen sentsazioa, finalerako txartel hori lortzeko, finalerdietan bertsotan ongi egin beharra zegoela zen. Sentsazio horrek urduritasun batzuk azkartu eta indartu ditu, bertsolari batzuk eta bertsoaren mailaren kalterako.
Aurtengo bereizgarri ez hain on hauei buruz ari ginela, zera adierazi zidan bertsolari gipuzkoar batek, kanpotik ikusita inoiz baino erakargarriago zegoela Nafarroako Txapela lortzeko lehia. Ea ba norbait maitemintzen dugun.


URTERO, URTERO...

Ez dakit ia zenbatetan sartu dudan urte edo aurten hitza, baina gure urte naturalean, ezinbertzeko erreferentzia dugu negua bukatzeko eta udaberria hasteko bertso txapelketaren arabera asteburu batzuk pasatzea. Ehiztarientzako urria bezala da Nafarroako bertsolarientzat martxo-apirilako bolada hau. Horrek alde onak baditu: saio gutti dituztenek guttienez ez dute urte oso bat kantatu gabe pasatzen, jendea ere elkartzeko aitzakia polita da... Baina ezin dugu ahantzi urtero-urtero egite honek, ez hagitz epe luzera ondorio batzuk ekarriko dituela: Silveira eta biok bederatzigarren aldiz ari gara Nafarroako Txapelketan, eta ez gara hain zaharrak. Hankasartze bat izan daiteke bertsolariak hain gazterik zahartzea; arriskutsuena zera da, ez ote garen bi aldiz harri berberarekin eroriko. Egundoko esperientzia izatea erosoa da, baina anbizioaren edo irabazi nahiaren maila ezin da urtero, urte luzeetan mantendu.


ETORKIZUN BAIKORRA.

Dena den egoera ez da negarrez hasteko modukoa. Maila oneko txapelketa zabal bat izan badugu, bertsozaleak, gaijartzaileak, komunikabideak eta igandeak mugitzeko gai gara, nahiz eta urtero izan. Bertso eskolak hedatuz doaz geografikoki eta partaidetzan. Eta urteko zita garrantzitsuenera iristen garen honetan urduritasunak baztertu eta txalo zaparrada beroez leher dadila Goizuetako pilota plaza