argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL DIASPORA
EUSKALDUNTASUNA GALDUKO OTE DEN BELDUR DIRA PARISKO EUSKALTZALEAK
  • Eskual Etxean elkarte ugari biltzen da. Lokarriak elkartasuna eskaintzen du. Sustraiak-Erroak elkartearen eskutik euskara irakasten da. "Elgar" hilabetekaria ere zabaltzen da Eskual Etxearen babespean. Zeregin hauetan bi izen nagusitzen dira: Maurice Etxenike eta Olivier Aranguren.
Mikel Asurmendi @masurmendi 2017ko azaroaren 28a
Parisko euskaldunak Eskual Etxean biltzen dira. Etxean elkarte ugarik du bere egoitza. Hiru dantza talde ari dira bertan: Gernika (helduak), Gazteria (gazteak) eta Pinpirinak (haurrak). Abesbatzak, berriz, Anaiki (gizonezkoena), Gernika eta Hegoa (mistoak) dira. Eskualduna eta Lokarria, bestalde. Azken bi urteetan Zabaltzen elkartea arduratzen da herri dantzen erakusketaz. Plazan dantzatzen diren Muxikoak (herri dantzak) erakusten dira Eskual Etxean.


BEREBIZIKO ERAGILEAK

Eskual Etxean antolatzen diren elkarteen artean bi ekimen eta bi pertsona nabarmendu dira bereziki azken hogeita hamar urteetan.
Maurice Etxenike eta Olivier Aranguren. Lehena, "Elgar" hilabetekariaren arduraduna da. Bigarrena, berriz, Sustraiak-Erroak kultur elkartearen arduraduna. "Elgar" kazeta Eskual Etxearen babespean argitaratzen da. Parisko euskaldunen aldizkaria da. 1.000 ale zabaltzen ditu hilero. 1.000 ale horietatik 200 Ipar Euskal Herrira edo munduan barrena bizi diren euskaldunengana iristen dira. Kudeaketa osoa Maurice Etxenikek egiten du. Ahalegin berebizikoa egiten du aldizkaria euskaraz idazteko, nahiz eta, halabeharrez, gehiena frantsesez idatzi behar duen. Borondate oneko lana da berea: "'Elgar' kazetan 30 urte pasa ditut idazle gisa, eta 8 urte dira zuzendaria naizela. Entseiatzen naiz Parisko euskaldunen berriak zabaltzen eta, ahal dudan guztietan, euskaraz". Etxenike "Herria" astekariarentzako berriketari lana egiten du Paristik azken 30 urteetan, eta Ipar Euskal Herriko hiru Euskal Irratientzako berriemalea da baita ere.Maurice Etxenikek bere borondatez burutzen ditu lan hauek, musutruk. Euskal Herriaren alde engaiatua da biziki. Nahiz Parisko euskaldunen arteko bizikidetza ez dagoen une onenetan: "Eskual Etxera 4.000 euskaldun inguru hurbiltzen dira. Parisen 25.000 euskaldun inguru gaude alabaina. Euskaldun anitz ez da euskal mundura hurbiltzen, beraz. Pilota plazetara eta euskal ostatuetara joaten badira ere, ez dira engaiatzen euskal munduan. Hiri zabal honetan euskaldungoa galtzen ari ote den beldur naiz. Pentsu dut tenorea dela horiei buruz joaiteko, indar berezi bat egitekoa".


ARABAN JATORRIA.

Olivier Aranguren Sustraiak-Erroak elkartearen arduradun euskarazko kurtsoak ematen ditu. Gasteiztarra zuen aita: "Hemengo abertzaleak ghetto batean bizi direla erraitea ez da zuzena. Abertzaleak ez baikaude baztertuak. Abertzaleak edozein multzo edo taldetan aurki daitezke. Abertzaletasunak bere pausoak eman ditu azken 20 urteetan, alabaina, denbora berean, Eskual Etxeak behiti egin du. Ezin ukatuzkoa da hemengo eskualdunak barreiatuak bizi direla. Hau gaurko gizarte osoaren islada da, nolanahi ere".Eskual Etxean biltzen diren guztiek atxikimendu handia dute Euskal Herriarekiko. Ahal bezaian usu joaten dira oporretan. Ez da arraroa lagun bat galtzea lanpostu bat hatzeman duelako Ipar Euskal Herrrian. Euskal Herritik urtero iristen da gazte frango ikasketak egitera nahiz lan bila. Hauen artean, eta bereziki hegoaldiarren artean, izaten dira euskarazko kurtsoak emateko prest daudenak: "Parisko euskal jatorrizko gazteek ez dute euskaraz egiten. Euskarazko kurtsoak segitzen dituztenek euskaraz egiten dute. Batzuk iristen dira euskaldun izatera hiruzpalau urteetan. Horietako zenbaitzuek, kontzientzia hemen hartzen dute, eta gero Ipar Euskal Herrian segitzen dute", dio Olivierrek.
Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko harremanez galdetu diogu Olivierri, diferentziarik ote dagoen eskualdunen artean: "Nire irudiko ez da diferentziarik. Orain 20 urte izan ziren gorabeherak. Eskual Etxean idekidura falta izan da zenbaitetan, baina hori etorri den edozein euskaldunekiko izan da. Eskual Etxea bere baitara barnebildu da eta ez naiz ados falta izan den irekidurarekin. Ez dugu harrera onik eman, naski. Arrazakeriarik ez da alabaina. Azken urteotan asko hobetu da"