Eskual Etxea Eskualdun Gazteriaren inguruan antolatzen hasi zen 1953an. Zu zinen talde honetako lehendakaria.Eskual Gazteriak da Parisen antolatu zen lehen taldea. 1953-56 urteetan hainbat lekutan biltzen ginen: Sorbonan edo Eusko Jaurlaritzaren Gers karrikako lehen egoitzan, kasu. Agirre lehendakariak errezibituak, han egin genituen lehen bilkurak. 1956. urtean, Duban karrikako oraingo egoitza erosi genuen.
1975. urtean utzi zenuen lehendakaritza. Diferentziak al ziren Eskual Etxean politika zela-eta?Ez ziren problema handiak. Guk galde egiten genuen, ahalaz, afera politikoak bazterrera uztea. Eskual Etxea denena izan da hastetik. Iparraldekoak eta Hegoaldekoak berdin sartzen ziren, baina afera politikoak kanpo utziak. Euskaldunak elgarrekin laguntzeko sortu zen Eskual Etxea. Giro politikoa izanik ere, ez da politika mugimendurik izan. 1968ko maiatza famatuan izan zen politika aire bat. Denetan hala baitzen.
1994an hartu zenuen berriz ere lehendakaritza. Aldatua dea Eskual Etxea? Eskual Etxea hainbat moldetan bizi izan dut; hastapenean oraiko ez den beste molde batez. Eskual Etxea ez da kanbiatu, baina jendearen bizimoldea biziki kanbiatu da. Duela 40 urte eskualdunek berek galde egiten zituzten gauzak ez dira gaur egun galde egiten.
Zertan da Eskual Etxea? Eskual Etxea ez da lehen bezala bizi, bertze molde batez bizi da. Tipiskak gara. Errefuxatzen ditugu gazteak noiznahi lekurik ez dugulako. Ez dugu ostaturik eta ostatu egiteko lekurik ere ez. Eskualdunek galde egiten dute hori, ostatu idekia. Ez gara irekiak publikoari, bakarrik guretzat dago irekia.Eskual Etxean bi lagun ari dira, Larramendi anderea, atezaina, eta Thierry Etxeleku idazkaria. Hauek ordainduak dira. Gaineratikook borondatezko lana egiten dugu. Gelak alokatzen ditugu, gazteak, alta, ez dira lehen bezala egoiteko heldu.
Proiektu berri bat ari zarete lantzen, ezta? Bai, baina, Parisen ez garela aise egonen uste dugu, zeren kario baita eta diru eskas dugu Parisen berean egoiteko. Oraiko ez da erdian, baina leku ona da. Handiago hatzemateko ez dugu dirurik ukanen. Beraz, kalkuluan ari gara. Parisko eskualdean bizpahiru leku behatu ditugu eta hirurak metroaren ondoan. Parisen hori da beharrezkoa. Metroko aho batetik hurbil egonik, berdin da erdian edo kanpoan izan, ez da distantziarik.
Zer laguntza ekonomiko ditu Eskual Etxeak? Bi laguntza baizik ez ditugu. Bata ederra, Eusko Jaurlaritzarena. Gure aurrekontuaren abantxu %15 egiten du; hori orain bost urtetik dugu. Beste laguntza pilotarentzat heldu da. Pilota ekipoa dugu eta Pilotako Federazioak lagundua da. Gaineratikoa bazkideen kuotaz osatzen da, parte handiena funtsean. 600 karta badira, familia bakoitzeko bat. 2.000 eta 2.500 jende biltzen dira etxearen inguruan.
Etorkizunari buruz lanean ari omen zarete? Badago geroari buruzlanean ari den batzorde bat. 12 lagunen artean aztertzen ari gara nola egin etorkizuneko Eskual Etxea; heldu diren 10 urteetakoa. Gure ondare bakarra Etxea da. Hau saldu eta berria erosi nahi dugu. Bertzalde, Eskual Etxea profesionalizatu nahi dugu, zuzendari profesionala behar dugu. Borondate oneko lana galtzen ari da. Elkarte sistema baina profesional gisa funtzionatu behar dugu