Ezetz, Milagrosek besterik uste bazuen ere. Batzarrean hartu omen dute erabakia. EHgandik banandu eta bakarrik ekitearena alegia. ETA aitzakia, ez dute EHrekin jarraitu nahi. Eta elkarrekin bildutako bozak ondasun, orain bereizten diren bikoteen antzera garbitu beharko dituzte euren artekoak. Hautetsiak. Norenak ote diren eztabaidagai ez dirudi erraza ebazpena, irabazitako aulkien jabetza okupatzen duten ipurdiena dela politikan aski hedatua dagoen iritzia baita. Eta ipurdiok ikaragarri zamatsuak suertatzen direna jakitunak, jada sesiotan hasiak zaizkigu ustez berenari tiraka eta eutsi nahika.Hauena ez genuen maitasun ezkontza, elkarren onurakoa baizik. Eta Batzarrek, ETA pontekoaren oinordekotza EHrekin banatzea ondasun zuelakoan ekin bazion Lizarra - Garaziri, orain ondasuna zortzat irudikatu eta deus ere ordaintzeke utzi nahiko luke etxea. Ondasunak ondasun, zorrak zor, Batzarrek onartu beharko luke publikoki bere hutsegitea, bategitean gauzatua edo eta banantzean. Ala bietan? Beste batzar batetarako gaia