Kalamua ereiteko sasoi aproposa dela eta sagardoa tamainan dantzatu ondoren, haziak hazi, hasi, jaio edo ernetzen ote direnaz aritu ginen koadrilan aurreko batean. Ondo hazien sasoia da bai honako hau. Argi kopuru gero eta handiagoa eta tenperatura epelak direla, lurrean hezetasun pittin bat aurkitzen badu, berehala botako ditu sustraiak haziak. Gero etorriko dira kotiledoiak, haziaren barruko erreserbako hostoak, eta ondoren benetakoak. Hostoak eta sustraiak dituen edozein landare, txikietan txikiena dela ere, bere kasa bizi eta aurrera egiteko gauza da. Bizitzeko, hala ere, landarea jaio egin da. Adibidearekin jarraituz, kalamua jaio egiten da. Baina hazia? Hazia zer? Nire ustez hazia ernetu edo ernatu egiten da. Baina haziak ernetzeko udaberriaren etorreraz jabetu behar du. Honetarako batez ere tenperatura aldaketa nozitu behar du. Negu osoa etxe barruan epel-epel igaro badu, aurreko udazkenean jarraitzen duela pentsatuko du eta erein eta hurrengo urteko udaberrira arte ez da ernetuko. Hotzetik epelerako aldea nabarmendu behar du ernetzeko. Udaberri honetan erein asmoz inolako hazirik etxe barruan jasota baduzu sartu azkar hozkailuan eta aste pare bat behinik behin eduki bertan. Gero erein. Epelerako aldea sentitzean, azkar asko ernetuko da bai...