argia.eus
INPRIMATU
HITANOAREN ESKOLA HOBERENA ETXEKO TRANSMISIOA DA
2007ko otsailaren 21
Zein da lana egin ostean Zumaiako hitanoaz egiten duzun diagnostikoa?
Zumaian gazteen artean berreskuratzen ari da. Gero eta gehiago egiten dute hika euren artean, mutilek batez ere, eta gero eta gazteago hasita. Arrazoietako bat telebista izan daiteke, "Goenkale" edo "Dragoi Bola" saioetan hiketa erabiltzen denez, eredu bezala hartzen dituztelako. Hitanoa gehienbat lagunartean erabiltzen da, eta familia giroan, helduen kasuan gehiago, anai-arreben artean bereziki.

Hiketaren ahuleziak Zumaian.
Emakumezkoei zuzendutako hitanoa, noketa, askoz gutxiago erabiltzen da toketa (gizonezkoena) baino. Arrazoi zehatza ez dakit zein den, baina hitanoak zenbaitentzat beti izan du ospe txarra, errespetu falta dela edota goxotasun gutxikoa dela uste dutelako. Beti egon dira, gainera, "debeku" egoera batzuk hitanoaren baitan: senar-emazteen artean ezin dela erabili, edo gazteek zaharragoei ezin dietela hika egin... Baina hika hitz egiteko baldintza bakarra hitz egiten duten biak ados egotea da. Gazteen artean, zoritxarrez, ez da ondo erabiltzen hitanoa: hika eta zuka nahasten dira, neskei zuzentzerakoan toketa erabiltzen da sarri, perpaus txertatuetan forma alokutiboak sartzen dira... Arrazoi nagusia transmisioaren galeran egon daiteke. Gurasoek ez diete hika egiten seme-alabei, eta hauek kalean ikasten dute. Ondorioz, inork ez die okerrik zuzentzen.

Hitanoa sendatzeko tratamendurik ba al da?
Etxeko transmisioa bultzatu beharko litzateke. Hori baita eskolarik hoberena. Gainera, ikastetxeetan hitanoaren gutxieneko arauak azaldu beharko litzaizkieke ikasleei. Eta azkenik, kalean ere indartu beharko genuke hitanoa, lagunartean beldurrik gabe erabiliz