argia.eus
INPRIMATU
ETNOGRAFIA
BARATXURIA ETA IDIAREN TXIZA HAGINEKO MINA KENTZEKO
  • Gaur egun inork gutxik irentsiko luke zorri bat hepatitisa sendatzeko. Garai batean, ordea, horrelakoak egiten ziren, Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarrak "Rituales y plantas en la medicina popular vasca" lanean azaltzen duen moduan.
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2021eko uztailaren 20a
Medikuntza modernoaren hedapenak sendabide herrikoi eta tradizionalen erabilera mugatu du apurka. Azken urteotan, hala ere, sendabide alternatiboak modan daude. Baina belar eta edabeak ederki bildu eta etiketatuak erosi ohi ditugu belar dendatan. Gure arbasoek, ordea, inguruetan biltzen zituzten pasmo belar, berbena, artabizar, asun, arbi hosto eta intsusa loreak. Eta ez ziren soilik landareetera mugatzen, suge, zorri, apo eta marraskiloak ere erabili ohi zituzten osasun arazo anitzen konponbide gisara. Juan Garmendia Larrañaga etnografo tolosarrak urte asko darama herriz herriz euskal bizimodu tradizionalaren aztarnen atzetik, eta beste eremuen artean, herri sendabideen berri ere jaso du kanpo ikerketa lanetan.
Horren emaitza duela urte batzuk kaleratutako "Rito y fórmula en la medicina popular vasca. La salud por las plantas medicinales" izeneko lana izan zen. Oraingoan, lan berri honetan, gai berdinera hurbildu da, baina alderdi esoteriko eta erritualari garrantzi handiagoa emanez. Izan ere, liburuak jasotzen dituen 160 sendabideetatik batzuen eragin positiboa onartzen bada ere, askok eta askok kutsu esoteriko eta erritual nabarmena du. Hots, metodo berezi horiek aplikatuta ez da nahikoa eta horietan sinestu egin behar da. Ustez sendatzen dituzten gaisotasunen arabera sailkatu ditu Garmendiak errezeta hauek. Arnas aparatuaren arazoetatik hasi eta parasitoek eragindakoetara iritsi arte 16 atal ditu orotara bilduma honek. Erremedioak euskaraz zein gazteleraz daude emanak eta amaieran euskarazko landare izenak eta hauen gaztelerazko baliokideak jasotzen dituen aurkibide-hiztegi bat erantsi dute. Ikerleak datuak nondik jaso dituen ere zehazten da, zein herritako zein etxe edo baserritan, zeini eta noiz galdetu zaion adieraziz. Gipuzkoar, nafar eta arabarrak dira gehienak. Zaharrenek euren esperientzia propioa kontatu dute. Gazteenek, aldiz, aiton-amonek esandakoak ekarri dituzte gogora. Guztiek galtzear ziren sendabideak jasotzen lagundu dute

PROBATZEAK MEREZI OTE DU?
Liburu honek biltzen dituen errezeten artean, badira batzuk nahiko zabalduak direnak eta tarteka emaitza onak ere eskaintzen dituztenak. Batek baino gehiagok tipula txikitu, plater batean jarri eta ohe ondoan utziko zuen gau osoa eztulka ez pasatzearren. Berbena belarra ere oso erabilia da oraindik katarroak sendatzeko eta frogatua dago artabizarra diuretikoa dela. Baratxuria gaitz askotarako proposatzen da eta sarritan mesede egiten du. Bada, ordea, hainbat ustezko sendabide kaltegarri gerta daitekeena eta baita, kalterik egin gabe ere, oso gomendagarria ez dena. Iodo belarra edo zelidonia, adibidez, hagineko mina sendatzeko, kolpeentzako eta infekziotarako erabili izan da, baina landare toxikoa da eta kontuz erabili behar da. Erredura bati ez dio onik egingo gainean behi zimaurra jartzeak eta hagineko mina ez zaigu apalduko horretarako idiaren txiza erabiliz gero. Zorri bat irensteak ez dio gorputzari ziur aski kalte handirik egingo, baina nekez sendatuko du hepatitisa. Eta hilea eroriz gero, ez du merezi burua ume baten kakarekin igurtzitzea, ez baita horrela berriro haziko.
Gaitz larriagoetarako zalantzazko sendabideak ere badira bilduma honetan. Minbizia sendatzeko igel bat bizirik hartu eta gaixoaren ohearen hankari lotuta eduki behar omen da. Azaleko minbiziaren kasuan ere, igel edo apoak erabili izan dira. Apoa hartu eta, zauririk egin gabe, frijitu ondoren, olio horrekin azala igurtzi behar omen da. Prebentzioari dagokionez, minbizia urte betez saihestu nahi duenari erleak eztena barrenbarreneraino sartu behar dio; ondoren, eztena mukizapi batez atera behar da derrigorrez. Urtean behin erlauntza batera hurbildu eta eztenkadaren zain egoteko gogoa duenarentzat da egokia metodo hau. Gainera, eztenkada lepoan jasoz gero, erremedioak ez omen du balio.
Ezpain azpiko granotxoen aurkako sendabide bitxia proposatzen du Nafarroako Zubietako emakume batek: San Blas egunean bedeinkatutako gatza bederatzi pilatxoetan jarri. Horietako bat hartu eta medikuaren edo gaixoaren txistua bota. Nahasketarekin okotza igurtzi behar da honakoa esanez: "Bederatzi bederatzi, zortzi zortzi, zazpi zazpi, sei sei, bost bost, lau lau, hiru hiru, bi bi, bat bat; zirtzart, granoak fuera". Gainerako zortzi pilatxoekin gauza bera egin behar da, baina, oraingo honetan gainean txisturik bota gabe.
Karatxoen aurkako proposamenak dira nagusi liburu honetan: laranja, baratxuria, urdai azala, ozpina, sagarra, pikua... erabil daitezke horretarako. Badira ordea, karatxoa bera ukitu gabe ere egin daitezkeen saiakerak. Erritual horietako bat lau bidegurutze desberdinetan ihi bana aldatzean datza. Txanponak ere baliagarriak dira eskale bati eman edo Lazkaoko San Prudentzio ermitara botaz gero.Errezetak arriskutsuak ez badira behintzat saiatzeak ez du ahalegin handirik eskatzen. Fedea behar da soilik, eta batzuetan eskrupulo gutxi