Uztapidek bertso hauetan azaltzen duen moduan, astoak lan ugari egin du. Garraiorako erabilia izan da batez ere. Bai industrian eta bai nekazaritzan garraiolari fina izan dugu. Industrian, zama eramaile eta indar iturri moduan lan egin du. Nekazaritzan aldiz, konta ezinak dira egin dituen lanak. Lurra prestatzetik hasi eta uzta bildu arteko zereginak bere gain zeuden. Errotarako eta azokarako bideak ere ondo ezagutzen zituen. Bertsolaria ez izan arren, zama astunegiak bizkarreratuz ibili ohi zen plazarik plaza. Guregatik eginiko lanak ez zaizkio astotxoari behar bezala eskertu. Gainera, bizkarreko bat edo beste ere jaso izan du. Iraintzeko ere, burura datozkigun lehen hitzak astoarekin zerikusia izaten dute, astakirten, astakeri, astaputza, astapotroa... Eskerrak Uztapide etxabere estimatuari omenalditxo bat egiteaz oroitu zen.
1)Lengo garai bateko
astoaren lana:
Eraman egin bear
artutako zama;
batenbatzutan igual
jarritako dana
gertatuko zitzaion
ezin eramana.
2)Astoak errotara
juaten ziren sarri,
artoa eraman da
iriña ekarri;
etxeko andre gaixoak
atzetikan: Arri!
Ikasten zuten ongi
bide oien berri.
3)Astoa barrutian
an dabil larrian,
kalera juateko
aren bearrian;
ollo arrautz batzuek
jarri bizkarrian,
an dijoa astoa
andrien aurrian.
4)Kape edo azukre,
ardo edo ogi,
kargatzen zan astoa
askotan geiegi;
kalian zama artu,
basarrira segi,
etzan etxeratutzen
iñoiz errezegi.
5)Bidean eman bear
naikoa astia,
ekarriko bazuan
karga ura guztia;
etxeratzian etzan
pentsu gareztia,
barrutira izerdiz
bizkarra buztia.
6)Ekarri bear ziran
ganaduen janak,
bizkarreko kakoak
ziran bere armak;
estaliko zizkaten
burua ta danak,
laister egingo zitun
morroi baten lanak.
7)Esniak kaleratu
bear ziranian,
astoa asiko zan
lenbizi lanian;
ez basarri batian,
au leku danian,
arto koskor bat andik
etortzen zanian.
8)Egin bear danian
kalerako jira,
gaurko andre askori
jar zaitez begira:
Kotxe eder askuan
datoz baserrira,
astoakin juatia
lotsatutzen dira.
9)Langileak izandu
arren on askuak,
orain sobre dirade
emengo astuak;
pasa badituzte're
len egun estuak,
basarritarrak dira
txit aberastuak.
10)Astua dabil beti
loitan zikindua,
zarra izan liteke
edo ezindua;
alaere egin bear
gure agindua,
langille ona baña
gaizki ordaindua.