argia.eus
INPRIMATU
RADIO VITORIA
ADIERAZPENAK ATERALDI BIHURTUZ
  • Sormen lanaren adibidea dugu "Lo mejor del dia" gaueko saioa, non Ivan Alonsok, musika ona jartzeaz gain, Gasteizko jende ezagunak esandakoak umore zitalez zipriztintzen dituen.
2017ko azaroaren 28a
Etxegaraten ahitzen da Radio Vitoriako seinalea. Pena da arabarrek bakarrik entzun ahal izatea, gure irratien artean "Lo mejor del dia" bezalako emankizun gutxi dago-eta. Astelehenetik ostiralera, 23:30etatik 02:00ak arte, parada polita dute Gasteizko "gloria" lokalek esandakoen kontura barre egin nahi dutenek. Ur freskoa uhinetan garai lardaskatu hauetan. Kutunki aukeratu musika oinarri duela, politikari, kirolari edo beste edozein ahoberoren hitzak hartu, irudimena zorroztu eta sari bat ematen die Ivan Alonsok, beti ere ikusmolde ironiko eta trufaria erabiliz. "Ozpin txar pixka bat edukiz gero, aise samar bururatzen zaizkizu. Eta ez pentsa, haien eguneroko ateraldi inozoak entzunda, normalean ez dago burua gehiegi estutu beharrik" diosku Alonsok.
Bakarlanean taxutzen du saioa gasteiztarrak; "Irratira eguerdian heldu eta jarriko dudan musika hautatzen hasten naiz. Ondoren, ordenadorean sartuta dauden adierazpenak entzuten ditut. Hortik aparte, lana hartzen dut berri bi-txiak topatzen". Hain zuzen, lurpeko Gasteiz horren berri ematen saiatzen da, alderdi politikoen efektismotik kanpo, egunkarietan oihar-tzunik ez duten ekimenak, musika emanaldiak, pertsonaia xelebreak, eta abar sartuz. Kanpotik hiri lasaia badirudi ere, "bertan bizi bazara are lasaiagoa da, bainuetxea dirudi Gasteizek, benetan diotsut. Gau giroa ere eskasa baino eskasagoa da. Joana da Potato bezalako taldeen garaia, Euskadi tropikala, alegia. Sasoi hartan, fan klubak bailiran jendea zintzo joaten zen kontzertuetara. Orain, berriz, jendea kirolarekin bakarrik aztoratzen da, futbola eta saskibaloiak gainontzeko guztia estaltzen dute. Baina tira, satorrak gauden bitartean hor segituko dugu lurra harrotzen"