argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
GEROA ORAIN
  • Udaberriarekin batera epeltzen da lurra bera. Epeltasun horrek, hezetasunarekin batera, landareak tokiz mugitu, haziak erein eta adaskak landatzeko garai egokiena bihurtzen du.
Jakoba Errekondo 2007ko otsailaren 21
Gure moduan, lurra ere epeltzen hasi da eguna luzatzen eta eguzkia goratzen den garai honetan. Epeldu bai baina hezetasun punttua galdu gabe. Hauxe da baratza eta lorategietan ugeltze lanak pilatzen diren urte sasoia. Inausketa lanak egin ordurako, ugaldu nahi dituzun landareen ebakitako adarrak adaska gisa lurrean sartu itzazu.
Neguan hostaia galtzen ez duten landareak tokiz mugi daitezke. Mimosa bekaiztarazleak, arte trinkoak, hagin beltz pozoitsuak, konifero zorrotzak, gurbitz borobilak, gorosti arrak eta emeak... lurreko uraren bila sustrai berriak garatuko dituzte epeltasunean.
Baratza eta lorategietako landareen haziak ereitera eta adaskak landatzera ere jo dezakezu. Etxeko poza, petunia, salbiak, geranio arruntak eta frantsesak apaingarrietan, tipula, tipulina, azken baba haundi eta ilarrak, piperrak, tomateak, kurkubiak eta kuiak, espinaka, eta abar luze bat jatekoetan, orain erein. Eta behin ereinez gero, lurrak irauli, zokorrak jo eta berdinduta pronto jarri landatzeko.
Sagarrondoen lorealdiaren ikuskizun paregabea etortzerako lanak aurreratuta izanez gero, apirileko gozamenari tamaina hartzen izango duzu lana