argia.eus
INPRIMATU
EZPALAK
EZPALAK
2000ko martxoaren 19a

IRAKURKETA DRAMATIZATUZ

HIL honetan hasi eta azaroa bitartean Nafarroako ehun bat aktorek XX. mendeko hamar egileren obrak irakurriko dituzte Gaiarre An-tzokian. Gaiarre Antzokia Udal Fundazioak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak elkarlanean antolatu dute irakurketa dramatizatuen zikloa. Valle Inclanen "Luces de Bohemia", Samuel Becketten "Esperando a Godot", Tenessee Williamsen "Un tranvia llamado deseo", Federico Garcia Lorcaren "La casa de Bernarda Alba" eta Bertolt Brechten "La resistible ascension de Arturo Ui" dira bertan irakurriko diren lanetako batzuk.


TRIKITIXA BERTSOTAN

TRIKITIXA eta bertsoa ezkontzen saiatu ziren azkeneko bi urteotako Trikibertso saioak. Aurtengoak ere asmo bera du. Bilbao Bizkaia Kutxak eta Serrano produktorak antolatutako hainbat ekitaldik osatzen dute aurtengo programa. Lau ostiraletan eszenatokira igoko dira musika talde bat eta bi bertsolari. Lehenengo emanaldia hilaren hasieran egin ostean, 17an eskainiko dute bigarrena Ene bada! taldearekin batera Beñat Gaztelurrutia eta Igor Elortzak. 24an berriz, Etzakit eta Sebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze arituko dira. Amaiera ekitaldian, Gozategik Andoni Egañak eta Jon Sarasuak eskainiko dute emanaldia.


AKORDIOA IKERKETA SUSTATUZ

EUSKO Ikaskuntzak eta Mondragon Unibertsitateak bost urterako elkarlan hitzarmena sinatu dute. Akordioaren helburua euskal zien-tzia eta kultura alorreko ikerketa sustatzea da. Hitzarmenaren ondorioz, Unibertsitateko ikasleek Eusko Ikaskuntzaren mediateka erabiliko dute eta gainera euskal zientzia eta kulturan graduondoko ikasketak eta masterrak sortuko dituzte. Ingeniaritzan bi ikastaro eskainiko dira: lan arriskuen prebentzioari buruzkoa eta ingurumenaren kudeaketa industrian. Ekonomia eta Enpresan berriz, Europa, zuzenbidea eta ekonomiari buruzko ikastaroa sortuko da.


DESAMODIOAREN BURUHAUSTEA

PACO Mir, El Tricicle taldeko partaideak idatzitako " Ez da hain erraza" antzezlana maiatzatik aurrera eskainiko da. Tentazioak antzerki taldeak egokitu du lan hau eta bertan Joseba Apaolazak, Mireia Gabilondok eta Eneko Olasagastik parte hartuko dute. Mirrek berak dioenez ikuspegi matxista batetik idatzitako lana da hau. Bertan, gizon batek oraindik maite duen emakumearekin harremana moztu nahi du bere adiskidetasuna galdu gabe.


2000KO TXAPELA, GAZTETUA

ZAZPI bertsolari gaztek hartzen dute parte lehen aldiz aurtengo Nafarroako Bertsolari Txapelketan. Tafallan hasi zen lehiak inoiz baino saio eta partehartzaile gehiago ditu. Guztira 26 bertsolari izango dira hemendik aurrera Erratzun, Betelun, Bidarrain, Beran, Atarrabian eta Goizuetan egingo diren saioetan.