argia.eus
INPRIMATU
TELEZABORRA GURE BIZIA BAINO GARRANTZITSUAGOA DENEAN
Katixa Garate 2000ko martxoaren 12a
Zer egingo zenuke gau batean zure telebista hondatuko balitz? Irakurri? Lotara joan? Desesperatu? Hitz egin? Pasadizo honek eragiten du Topok aurkeztu berri duen antzezlaneko ezustekoa. Jon Zarata eta bere emaztea, gauero bezala, telebistari begira daude. Telebista da, hain zuzen, beraien arteko lokarri bakarra. Beno, telebista eta egunerokotasuna. Gauzak horrela, bat-batean telebista hondatuko zaie, eta beraien harreman hutsala azaleratuko da. Desesperaturik, ez dute zer egin jakingo. Egongelan, beraien bizitza patetikoen eszenatokian, isiltasuna izango da nagusi. Eta denetarik probatuko dute, mamu beldurgarri hori estaltzeko: dantzatu, abestu... gizakien dohain bereziena praktikan jartzeko arazoak izango dituzte, ordea. Ez baitute beraien artean hitz egiten, ahaztu egin zaie jada. Gauzak esaten dizkiote elkarri, baina hortik komunikaziora kilometro luzeak daude. Azkenean, leihotik begira jarriko dira, eta halako batean, gertakari izugarri baten lekuko izango dira.
Bikotearen arteko inkomunikazioa da obra honen abiapuntua, baina, era berean, beste hainbat esparru ukitzen ditu Guy Foissy autore senegaldarraren antzezlan honek. Hala nola, gizakion jokamoldea lanean, besteekiko harremanetan eta geure bizitzan. Foissyk egunerokotasunaren baitako tragedia eta bizipen gordinak ditu hizpide, umorea eta ironia zorrotza erabiliz. Izan ere, Foissyren irudiko, umorea da gure larritasun eta etsipenetatik askatuko gaituena. Miguel Galindok, antzezlanaren zuzendariak, idatzi du lanaren adaptazioa okasio honetarako. Obraren egitura originala mantenduz, espazioan hurbildu du, eta hainbat elementu gehitu dizkio, txantxak kasu. Foissyren obra gure artean oso ezaguna ez den arren, bere lanak Alemania eta Belgikan taularatuak izan dira. Japonian halaber, bada antzezle bat, Foissyren lanak bakarrik antzeztu ohi dituena. Senegaleko autorearen izena daraman antzoki bat ere badago.
Jon Zarata gorpuzteaz May Gorostiaga arduratu da, eta Natalia Juanok, berriz, haren emaztearen rola jokatzen du. Concha Garcia eta Fran de Eulogiok Zarata senar-emaztearen barne-pentsamenduak eta beraien irudimeneko pertsonaiak irudikatu dituzte. Jatorrizko antzezlanean, pertsonaia horiek guztiak diapositiba eta bideoen bidez agertzen ziren, aitzitik, Topok gizatasuna eman nahi izan dio, aktoreak erabiliz. Zenbait elementu berri ere sartu dute, txantxak, adibidez.
Topo Antzerki Taldea duela hamalau urte sortu zen eta Pasaian du egoitza. Bere obra ezagunenen artean «Infratonos», «Lur azpiko kaioak», «Zerbitzaria», «El Camerino» eta «Agur, Eire, agur» (Ttanttaka taldearekin elkarlanean) daude. Talde honen helburuetako bat egile ezezagunen obrak antzeztea da. Ezustekoa, esaterako. Guy Foissy gure artean ezezaguna den arren, Belgika, Alemania eta Japonian egile honen lan ugari estreinatu da.
Topok, oso harreman estua du Pasaiako Antzerki Tailerrarekin, hori baitu bere harrobi nagusia. Pasaiako Antzerki Tailerretik ikasle franko igaro dira, eta horietako batzuk aktore profesionalak dira gaur egun. Tailerrean urteetan aritu diren gazteak formazio bat jasotakoan, maila profesionalera jauzi egiteko bultzada ematen die Topok. Horixe da May, Natalia, Fran eta Concharen kasua. Ezustekorik hartu nahiz izanez gero beraz, Bergaran dago aukera. Ondotik, beste emanaldiak lotzen joango dira

"Oholtzan jardun izanak ematen dizu profesionaltasuna"
Inkomunikazioa bikotean, boterearen eta komunikabideen aurrean makurtzen den gizakia... komedia honetan agertzen diren gaiak dira. Umorea al da ikusleari gogoeta eragiteko modua?
Fran:
Bai, guri horrela iruditzen zaigu. Antzezlanaren egileak ere hori dio, umorea dela bizipen latzak antzerkian islatzeko era egokiena. Gainera, ez du bizitza hain bortizki irudikatzen.

May:
Nire ustez, bizitzaren tragediak azaleratzeko modu bakarra da.

Aktore bezala profesional mailan lan egiten duzuen lehen aldia da. Nolatan eman duzue jauzi hau?
Fran:
Ez dakit profesional mailak zer esan nahi duen, paperetan gure izenak aktore lanbidearen ondoan daudela adierazi nahi badu, ba orduan bai. Hala ere, esan behar dugu aktore bezala lan batzuk egin ditugula dagoeneko. Ez bakarrik antzerkian, baita telebista eta zinean ere. Nik uste profesional izatea ez dagoela esku-orritan edo komunikabideetan ateratzearen baitan, oholtzan jardun izanak ematen dizu profesionaltasuna.

May:
Ez gara hasi berriak, badugu formazio bat antzerkian. Zazpi urtez ibili gara Miguelekin Pasaiako Antzerki Tailerrean eta beste tailer batzuetan. Harrobikoak gara, beraz.

Ikuskizun honek euskarazko eta gaztelaniazko bertsioak ditu. Zuetako batzuk euskaldun berriak izanik, hori ez da, ez, lan makala.
Fran:
Alde batetik, gogorragoa izan da euskarazko antzezlana prestatzea, gaztelaniaz aritzerakoan erraztasun gehiago dugu-eta. Nolanahi ere, bi hizkuntzatan egin dugu jada, eta euskarazkoak erritmo gehiago du. Gainera, nire aburuz, hobeto gelditu zaigu gaztelaniazko bertsioa baino.

May:
Arraroa da, zenbaitetan euskarazko itzulpenak motelagoak gertatzen direlako; alabaina, kasu honetan ez da hala izan. Arazorik handiena ahoskera lantzea izan da. Bestela, pertsonaia eraikitzerakoan, aktore bakoitzak bere prozesua du hizkuntza batean zein bestean.

Miguel:
Bi hizkuntzatan egin dugu, normalizazioak hala eskatzen duelako. Horren froga da hurrengo lau emankizunak euskaraz izango direla. Momentu honetan euskarazko lanen eskari handiagoa dago.

Donostian, ordea, euskarazko antzezlanak bultzatzearren ari dira lanean, estreinaldi gehienak eta, oro har, emankizunak ugariagoak zirelako gaztelaniaz.
Miguel:
Bai, baina hori eskualdearen araberakoa da. Zenbait eskualdetan ikusle euskaldun kopuru handiagoa dago, eta besteetan, alderantziz, erdalduna ugariagoa da. Aipatu dizudan eskariaren adibidea zera da, iaz «Lur azpiko kaioak» lanarekin ia 30 emanaldi eskaini genituela, eta denak euskaraz izan ziren bizpahiru izan ezik.

Zein proiektu dituzue etorkizunerako?
Fran:
Lehenik eta behin, «Ezustekoa» leku askotan antzeztea.

Miguel:
Gure asmoa Alfonso Sastreren El Vampiro de Upsala euskaraz taularatzea da. Eta bien bitartean, kafe-antzerkirako ikuskizun bat egitea, geldirik ez egotearren. Beno, beste obra bat dut buruan, sekulako ezustekoa izango dena, baina ezin dut honen berri eman oraindik. Autore berri eta ezezagun batena da, nik hor zehar aurkitzen ditudan horietakoa

Kritika: ikusi al duzu nire bizitza nonbait?

Emaztea txutxumutxu aldizkarietan babesa hartuta dago; senarra berriz, futbol partiden oligofrenian. Baina egun batean, hainbeste orduz piztuta egotearen ondorioz, plaust! kutxa ergela lehertu egingo zaie. Irensten duten zaborraren hordialdia amaituta, aparkatuta duten berezko bizitza horren bila joan eta aspaldi iraungi dela konturatuko dira. Orduan, irudimenari heltzen saiatu arren, herdoilduta daukatela ikusiko dute; isiltasuna jasanezina bilakatuko da. Elkarri ez ezik, norberaren buruari ere aurre egin beharrean daude. Alferrik da ordea; nahiz elkarri «pospolina» eta «printzea» deitzen dioten, itxura hutsa da, alarguntzeko aiherra bizia baitute biek.
Gure garaiko gaitz eta oztopoen inguruko hausnarketa ironikoa dakarkigu Guy Foissyren testuak. Zarata senar-emazteen egoerak trufagarriak badira ere, ez gaitezen engaina, bikotea errealitatetik oso gertu dago-eta. Denok ezagutzen ditugu halako kasuak (gertuago ez begiratzearren). Etsipenak jota geratzen diren gizarte honen hondakinak ditugu, XX. eta XXI. mendeetako opio dosia den telebista dosia agortu ondoren. Bitartean, besteen oinazeen aitzinean ez hunkitzeko ahalmena garatu dute.
Eszenaratzeari dagokionez, gau bateko gertakizunak erritmo egokian kateatzen dira. Motelaldirik gabe barrea giro itogarriari gailentzen zaio. May Gorostiaga eta Natalia Juanoren antzezpenak hasberrien kutsua duen arren, sinesgarria da zinez. Miguel Galindok ongi dakien bezala, ekinaren ekinez findu dezakete hori, ahots eta gorputzaren ñabardurak gehixeago landuz. Euskara txukunean mintzo dira gainera, testua eta antzezpena batera botaz, talde profesional dexentek darabilen euskara behartua baino freskoagoa gertatuz. Argien jokoak baliatuz bestalde, senar emazteen barne pentsamenduak irudikatzea lagungarri da ikusmina atxikitzeko. Aipatzekoa da halaber, Sergio Diezen eszenografia, kolore biziz josia, behartutako ikutu espresionista duena, aizkora batek astindu balitu bezala. «Ezustekoa» ikusita, arrazoi dute telebistarik ez balego askoz dibortzio gehiago egongo liratekeela diotenek