Bentak herrietatik urrun, bide garrantzitsuen ertzean, kokatu ohi ziren garai bateko bidaiariek non jan eta edan izan zezaten. Horietatik asko, Frantzia eta Espainiaren arteko mugaren inguruan daude, baina Euskal Herriko beste hainbat ingurutan ere aurki daiteke mordoska bat. Mugaren alde banatara dauden bentetan, aduanak ezarri zirenean, alderdi frantseseko bezeroek salneurri espainoletan eros zitzaketen edari alkoholdunak eta tabakoa. Frantziako Estatuan zerga altuagoak zituzten produktuak hauek, eta Bigarren Mundu Gerraren bukaeran ere, Frantzia eskasia garaiak jota zegoenean, bertan lortzeko zailak ziren zenbait produktu aurki zitekeen benta hauetan.
Behinola, bentetako bezeroak bertakoak eta inguruetakoak izaten ziren, eta bidaiariek ere, oraingo komunikabide azkarrak artean ezagutzen ez zirenez, bentetan aurkitzen zuten gauerako aterpea eta indarrak berreskuratzeko jan-edana. Errepideak hobetu zirenean, ordea, hirietako jendea eta turistak hasi ziren bentetara gerturatzen. Gaur egun horietako batzuk janari denda edo supermerkatu txiki edo souvenir denda bihurtu dira, edo bestela jatetxe. Gaurko txangoan ezagutuko duguna, ordea, urteen joan-etorriak aldatu gabe utzi duen benta zaharra da. Denborak ez du aldatu, eta orain dela mende bat bizi ziren bezala bizi da hango jendea. Sumusuako benta deskubritzera gonbidatzen zaitugu gaur, beraz.
Aritzakun eta Urritzate ibarrek bat egiten duten zokoan dago Sumusuako benta. Bi bailarotan zehar jaisten diren urak elkartzen diren puntuan, Urbakuran, hantxe dago, isiltasunean, duela ehunka urte bezala, baina bizitasun gutxiagorekin orain.
Bidarraiko lurretan dagoen Basasagar baserrian hasi dugu denboran zehar egitera goazen txangoa. Beherantz hartu dugu asfaltatu gabeko pista, eta minutu batzuen buruan, Urritzate erreka zeharkatzen duen zubia topatu dugu. Hemen-txe, errekaren bestaldean, aurkitu dugu garai batean mugimendu handia izan zuen benta ahaztua. Etxea handi samarra da, eta ez dirudi bertan inor dagoenik, baina tximinitik darion keak adierazi digu barruan norbait badela. Txerri ba-tzuk dabiltza atari inguruan aztarrika, eta zakur baten zaunkak eman die etxekoei gure bisitaren berri. Barrura sartu garenean etxekoandre Maria Luisak hartu gaitu eta taberna moduan jarrita dagoen gela txikira pasarazi. Etxean bertan egindako pattarra izan ohi du. Edatekoa eskaini digu eta nondik nora ibiltzeko asmoa dugun kontatu diogu: "Itsusiko haitzetara", eta berak "A! Itsusiko peña horiek izugarri maite dituzte hona etortzen diren mendizaleek". Maria Luisa eta bere seme Alfontso hemen bizi dira urteko egun guztietan, guk gure etxeetan ditugun erosotasunik gabe: ez dute inoiz argindarrik izan, eta ez dirudi berehalakoan lortuko dutenik, izan ere, dagozkien zerga guztiak ordaindu arren inork ez die jarri nahi. "Elektrika ez du jarri nahi inork ere, inork. Ez dugu labadora, telefonoa, telebisionea, ez dugu deus ere. Duela ehun urte bezala bizi gara, berdin-berdin, beti berdin" kexatzen da. Bidea asfaltatzea ere behar dute, "baina ez dute egingo, ez dute nahi".
Maria Luisarekin luze aritu gara berriketan. Garai batean inguru jendetsua izan zen hau, beste arrazoien artean, kontrabandoa zela eta. Erlojuak, guardasolak, kafea eta azukrea, eta beste hainbat gauza eramaten zen mugan zehar batetik bestera, gauez. Eta kontrabandistak gose zirelarik, Maria Luisari bere logelako leihotik dei egiten zioten, eta berak jaiki eta arrautzak eta hirugiharra prestatzen zizkien. Gauero mugimendu handia izaten omen zen. Bere gertaerak eta bizimodu gogorra kontatzean, tristura punttu batek ukitu gaituela esan behar. Baina gure bidea jarraitu beharra dugu, eta agurtu ondoren Ari-tzakun bailaran gora zuzendu ditugu pausoak, pista jarraituz, erreka eskubian dugula. Nahi baduzu, jaitsi errekara eta begiratu arretaz hondar eta harritxo artean. Izan ere, zenbait ikerketa geologikok mendi hauetan urrea dagoela erakutsi dute, baina kontzentrazio txikiak ez du bere esplotazioa ahalbidetu. Dena den, dirudienez, leku izenetan islatu da hori, eta hortik letorke Urri-tzate izena. Edo aipatu bailara hurritzez josia dagoelako?
Maldarik gabeko pistaren puntu batean, errekaren ezkerraldera pasatzeko zubi bat topatu dugu, eta hantxe, metro batzuetara, Berekoetxea borda. Pista utzi eta bordaren atzetik, soroaren ezkerretik, maldari ekin eta bide ez oso garbiak Itsusiko haitzetatik jaisten den errekastora eraman gaitu. Berau gurutzatu ostean, bideskak Itsusiko bordarantz jarraitzen du, baina guk eskubirantz, bizkar batean gora, igo-tzen denari heldu diogu. Malda gogorretik gora, ote eta txilar artetik Itsusiko mendebaldeko punta hartu dugu neguko eguzki atseginak berotzen gaituela. Pixka bat aurrerago, harri gorriz egindako borda eroriak, beren sarobearekin, topatu ditugu, eta hemendik Espaltzako amildegiaren ikuspegi ederraz gozatu, inguruon ugariak diren putreen hegaldi pausatua gure buruen gainean. Xenda garbia jarraituz, bere isiltasunean utzi dugu txoko eder hau, malda gogorrik gabe, gora eta behera, Itsusiko tontor guztiak atzean utziz. Eta horrela heldu gara azkenean Martikoeneara, eta ezkerrerantz biratu du erabat bideska txikiak, zuzen-zuzen errekarantz. Zirko basati eta malkartsu honetan topatu ditugu Bidarrai aldera doazen GR 10 bidearen marka zuri-gorriak, baina harrietan gezi txikiz seinalatutako bidebanatze batean eskubikoa hartu dugu, berriz ere erreka zulora.
Errekara heldu aurretik, ordea, forma bitxiko harri bat ikusiko duzu bide ertzean, inguruotara gerturatzen bazara. Sasi arteko bidetik, sarobe bat albotik inguratu bezain laster, ezkerrera hartu dugu, zuzen-zuzen Ari-tzakun errekara, eta egurrezko zubi txikia zeharkatu ondoren garai bateko errota zaharraren pareta erorien ondotik pasa gara. Berehala irten gara pistara. Hortxe jarraitzen du, beti bezala, Sumusuako bentak, tximinitik kea dariola, denbora nola pasatzen den begira. Hasierako bide bera erabiliz hamar minuturen buruan heldu gara Basasagar baserrira