argia.eus
INPRIMATU
LANDAREAK
MARTXO LUZE, MARTXO GOSE
  • Martxoa hastearekin batera udaberria hurbiltzen da. Garai batean, negu luzearen ondoren, apirila noiz iritsi zain egoten zen lurretik bizi zenak. Horren lekuko da atsotitz ugari.
Jakoba Errekondo 2000ko martxoaren 12a
Martxo luze, martxo gose" dio esaera zaharrak. Negua ahal zen azkarren amaitu, azken jan erreserbak baino lehen ahal bazen, eta udaberriaren zain bizi zirenei loa zerk galerazten zien adierazten du. "Martxoko ortotsa, berrogei eguneko negua" dionak ere antzeko zerbait azaldu nahi du, eta eguna luzatzearen zoriona ekaitzak nola zakur-amestu dezakeen. "Martxoak zenbait izotz, apirilak hainbat elur" ekaitzak ezik izotzak ere garizuma mikaztu ahal dezakeenaren seinale. "Martxoan lantxerra noraino, apirilean elurra haraino" esanez ere ez zaio etorkizunean pozari zirrikitu handirik uzten. Beti mugan bizi beharra ere, eta muga etsipenarena bada... Datorren Aste Santuaren zamari ihes egin nahian-edo zori txarra epe motzagora lotzen dutenak ere badirela dio "martxoan airea gorri, goizero elur berri" atsotitzak. "Marti kakatsu, marti kakatsu, apirila urrezkoan sartu nazazu" esanez, poza egi bihurtu nahian aginduari ekin dionik ere bada. "Eguzkia eta euria, martxoko eguraldia" dio eguzki eta euri nahasketaz gozatzen dakienak. Baikorrenak "ama birjina martxoko, behia larrean aseko" esango du, erlijioaren aitzakiarekin belarra hazten ikusiz bere triparen neguko orroen isiltzeaz jabetuz; "Jaungoikoak nahi badu", baina "ezer txarrik ez bada". Espaloietara ohitutako orpoek ezagutzen ote dituzte gosea, etsipena, gozamena... nola adierazten ote dituzte?