N
afarroako Gobernuko biologoa zara. Nola ikusten dituzu gaur egungo ingurune babestuak?
Horrelakoetan esan ohi den bezala, pozten naiz zuk galdera hori egin izanaz. Nire iritzi pertsonala naturaren kontserbazioaren irizpideak aldatu egin beharko liratekela da, neurri handi batean. Izan ere, gaur egun, natura kontserbatzeko erabiltzen diren irizpide asko, 60ko hamarkadatik datozela pentsatzen dut. Irizpide hauek natura ona eta garapena txarra denaren ideiatik abiatzen dira.
Natura eta garapena aurrez aurre jartzen dira, eta egiten dena zera da, garapen horretatik salbu gelditu diren eskualdeak babestu. Tristea da horrela esatea, baina, gaur egungo ingurune babestu asko ongi kontserbatuta dago, inongo interes ekonomikorik ez delako piztu bertan.
Beraz, zein irizpide erabili behar dira natura kontserbatzeko?
Gaur egun, ez da erreala legislazioak ezartzen dituen plangintza guztiak aurrera ateratzea. Nafarroan, mehatxaturiko espezieen katalogoak egin izan dira, baina katalogo hauek garatzeko plangintza gutxi. Nire ustez, eta berriz diot iritzi pertsonala dela, katalogo hauek berriro egin behar dira eta beste planteamendu bat erabili natura kontserbatzeko. Azalera txikiko inguruneak babestuaz ez da bermatzen bertan dagoenaren kontserbazioa; aitzitik, eskualde handiagoak babestea egokiagoa da. Eskualdeko habitat ezberdinak kontserbatuz, hau da, ingurunea ongi kontserbatuz, zeharka, espezieak ere kontserbatzen ari gara eta hau da bilatu behar dena. Edozein modutan, planteamendu honek ez luke balioko arrisku handian eta arazo ugarirekin topatzen diren espezieentzat; hala nola, igaraba, hartza, otsoa eta gisa horretako espezieak, banan bana aztertu behar dira.
Zer iruditzen zaizu Europako Natura 2000 sarea?
Egia esan, naturaren kontserbaziorako tresna egokia izan daiteke. Europak, habitat konkretu batzuren babespena ezartzen du eta herrialde bakoitzak babestuak izango diren zonaldeak aukeratu ditzake; hala ere, erabaki honetan mugatuta daude. Sare honen finantziazioaren nondik-norakoak ez dira ezagutzen oraindik, hau sareak arrakasta izan dezan oinarrizko esparru bat delarik. Nafarroan, azaleraren %23 egongo da Natura 2000 sarearen barruan