argia.eus
INPRIMATU
EUSKAL KULTURAREN EZPALAK
EZPALAK
2000ko martxoaren 12a

MUSIKA KLASIKOA HAURRENTZAT

OTSAILAREN 26an eskaini zuen Bilboko Orkestra Sinfonikoak Kontzertu Didaktikoen XIII. zikloaren lehen kontzertua. Martxoaren 4an bigarrena. Hemendik aurrerakoak apirilaren 8an, maiatzaren 6an eta ekainaren 3an egingo dira. Guztira, beraz, bost kontzertu eskainiko ditu, BBKren laguntzaz. Kontzertu hauetan Brahms, Schubert, Beethoven, Vivaldi eta Ravelen musika zortzi eta hamabi urte bitarteko haurrengana hurbildu nahi da. Horretarako, haurren munduko elementu ezberdinekin -sentimenduak, abereak, dantza, antzerkiak eta natura- musikak duen harremana jorratuko da.


AZKENEKO ORDUA OHOLTZAN

Azkeneko ordua iristean bost pertsonaia ezerdinen jokaera azaltzen saiatu da Damian Muñoz dantzari gasteiztarra "Asire" izeneko koreografia berrian. Hilaren 25ean Gasteizko Printzipal antzokian estreinatu zuen lana, aurrez Valentziako dantza jaialdian estreinatu bazen ere. Muturreko egoera horretan agertzen diren sentimenduak ikuspegi baikor batetik islatzen saiatu da lan honetan. Horretarako, eszenatokian elementu bakarra ipini du: erloju digital handi bat. Horrez gain, argia eta musika elektroakustikoa erabili ditu. "Daño" ikuskizuna orain bi urte inguru Gasteizen eskaini zuenetik, hau da Muñozek egin duen lehen lana.


EUSKALKIEN ALTXORRA BILDUTA

Louis-Lucien Bonaparteren eskuizkribuen bildumaren azken bost liburukiak otsailaren bukaeran aurkeztu zituzten Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak eta Deustuko Unibertsitateak. Bildumako hogeita sei liburuek Bonapartek aztertutako euskal dialektologiaren edizio kritikoa osatzen dute. Azken bost liburu hauek behe-nafarrera eta zuberera ikertu dituzte.


EMAKUMEA INTIMISMOAZ HARAT

EUSKO Ikaskuntzak emandako Odon Apraiz Bekari esker, Mari Jose Olaziregik emakumeek euskal literaturan duten presentziari buruzko "Intimismoaz haraindi: emakumezkoek idatzitako euskal literatura" ikerlana kaleratu berri du. Bertan hainbat arlo jorratu du. Batetik, komunikabideek emakumezkoek idatzitako liburuak aztertzean hauek "intimistatzat" hartzen dituztela. Lehiaketetan, neska-mutilen Urruzuno sarietan esaterako, irabazleen %55 neskak direla. Helduetan, aldiz, sarri %5era ez direla iristen. Bestetik, testu liburuetan ere nabaria da ezberdintasuna: Olaziregik aztertutako DBH 1eko testu liburu batean aipatutako 28 idazleetatik emakume bakarra ageri da.


XABIERREN HIZKUNTZAK

Frantzisko Jatsu Azpilikueta Xabier-koak euskara zuen ama hizkuntza, baina beste zazpi ere bazekizkien. Hizkuntzez gain, bere bizitzako hainbat atal bildu du Iñigo Indartek "Xabierko Frantzisko, Erresuma zaharreko jesuita euskalduna" liburuan. Lana euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu berri da.