DURANGOKO Fernando Castillo eta Leioako Nieves Hurtado PSE-EEko zinegotziak erasotu zituzten joan den astean. Lehenari autoa erre zioten eta bigarrenari etxebizitzaren atarian lehergailu bat eztandarazi. Ermuko Foroko Jose Luis Lopez de la Calleren etxeari ere koktelez eraso zioten. Bien bitartean, Bilboko Txurdinaga auzoko ikastolari molotov koktelez eraso zioten, eta Josu Aierbe eta Jose Mari Etxaniz presoek jipoia jaso zuten funtzionarioen eskutik Salamancako Topas espetxean.
ZOZOAK BELEARI...
BATZARREko militanteek hilaren bukaerarako erabaki beharko dute EHn jarraitu ala ez. Ika-mika beroa antzematen da aldeko eta kontrakoen artean. Edozein modutan ere, HBko Mahai Nazionalari abstentzioaz erabaki zuenean egotzi zion akats berbera egin du orain Batzarreko zuzendaritzak, militantziari jadanik zuzendaritzak erabakita duen proposamena –EH uztea– aurkeztea. Zuzendaritzak proposamenak egiteko daude, baina moduak eta moduak dira.
JOXE MARI OLARRA GILTZAPEAN
JOXE Mari Olarraren atxiloketa aginduak Espainiako Zuzenbide Estatuak HBren aurka egiteko duen malgutasun matematikoa erakusten du: komeni denean jo. Eta etorriko direnak, epaileak bere karpetetan agiri desberdin ugari dauzka eta. Edozein modutan, eta iturri polizialekin lotutako informazioek aditzera eman dutenez, Guardia Zibilak aspaldi atxilotu nahi zuen baina Garzonek ez zuen nahiko arrazoi ikusten. Orain bai, ordea. Egun preso dagoen Mikel Egibarri – Europarako HBko ordezkari ohia– Guardia Zibilak torturapean ateratako informazioa baliatu ei du Garzonek. Amnistiaren aldeko Batzordeek iragan astean jakitera eman zuenez, 1999an 57 zazpi lagunek torturak eta tratu txarrak jasan zituzten. Larria bada ere, tortura hor dagoela gero eta gehiago ahazten ari da euskal gizartean. Ezker abertzaleko erakunde desberdinen aldetik, tortura salaketen aurrean behar besteko tinkotasunez ez hitz egin izana egotzi diote Ibarretxe lehendakariari.
GOSE GREBAK AURRERA DARRAI
Euskal Preso Politikoen Kolektiboak aurrera jarraitzen du iazko azaroaren bukaeran ekin zioten grebarekin. Euskal Herriko prozesu politikoan parte hartzea eta duintasuneko eskubideak eskatzen dituzte. Ondorio ugari ari dira jasatzen baina larrienak Josetxo Arizkuren (57 egun gose greban) eta Daniel Dergik (63 egun) jasan dituzte. Lehenak arazo ugari dauzka, besteak beste hankak handituta dituela; bigarrenak gose greban pasatutako denboratik gora beharko du errekuperaziorako, nola geratuko den jakin barik gainera, pasatutako denborak akaso etzeraezinezko kalteak sortu dizkiolako.
NABARRISMOARI BURUZ IRONIAZ.
NAFARROAKO Gobernuko web gune ofiziala
www. navarra.net da baina orain lehiakidea sortu zaio:
www.navarrra.net (hiru r-rekin). Nafarroako egoeraz nabarristek duten ikuspuntua ironikoki jorratzen du «Diario de NavaRRRa» egunkari elektronikoaren bidez. Dena «muy muy navarrro» dela errepikatzen dute etengabe «Navarrra»ren goraipamen ironikoa eginez.