HIZKUNTZ ATLASA
"Euskal Herriko Hizkuntz Atlasa. Ohiko Euskal Mintzamoldeen Antologia" karrikaratu du Euskaltzaindiak. 1986 eta 1992 artean atlasa egiteko bildu dituen dokumentu guztien laburpena da. Bertan euskararen eremuko 145 herritan eginiko grabaketak bildu dira, 4.000 ordu baino gehiagoko hizketaldiak eskaintzen dituztenak. Guztiak CD-etan gorde dituzte eta ikertzaile orok kontsulta ditzake Azkue Bibliotekan. Gainera, CD bilduma bat kaleratuko da, erosi nahi duenarentzat.
AEK-REN 10. MINTEGIA
Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundeak (AEK) apirilaren lehenengo asteburuan egingo du bere 10. mintegia. "Batasunetik etorkizuna irabazteko prestatzen" lelopean, Arantzazun (Oñati) bilduko dira herrialdeetako ordezkariak. Lau urtean behin egiten den mintegian datozen urteetarako ildoak markatzen dira, eta aurtengo zeregina, Joxe Leon Otaño Gipuzkoako AEK-ko arduradunaren hitzetan, garai berriei begira "egokitzapenak" egitea izango da.
"euskadi.net/euskara" PREST
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak euskararen inguruan egin dituen azterketak, txostenak, argitalpenak eta araudia, besteak beste, aurki daitezke pasa den astetik Interneteko www.euskadi.net/euskara helbidean. Egunez egun berrituko da webgunea. Erakundeen lana herritarrengana helaraztea eta teknologia berrietan euskararen presentzia areagotzea dira ekimen honen helburuak.
13,5 MILIOI PEZETA
Arabako Foru Aldundiko Kultura Sailak Arabako udalerri eta koadriletan euskara ikasi eta bultzatzeko kanpainak eta jarduerak sustatzeko dirulaguntzak onartu zituen iragan astean: hamairu milioi eta erdi pezeta (540.000 libera). Dirulaguntza mota honetatik at geratuko dira publizitate kanpainak direnak.