argia.eus
INPRIMATU
EMAKUME LANGILEAREN EGUNA
ETXEAN ETA KANPOAN LAN EGITEA, OSASUNARENTZAT KALTEGARRI
Daniel Udalaitz Mikel Asurmendi @masurmendi 2000ko martxoaren 05
Nafarroako emakumezko langileen % 37k osasuna arriskuan duelako ustea agertzen du, etxean eta kanpoan egiten duten lan bikoitza dela-eta. Hauxe da Nafarroako Lan Osasunerako Institutuak eta Nafarroako Emakume Institutuak burututako ikerketak oro har ondorioztatzen duena. Txosten horrek agerian uzten du lan presio handiegia jasaten dutela, osasunarentzat kalte-arriskuak ikusten dituztela eta etxeko lanen banaketa bidegabeaz kexu direla.
Emakume kopuru esanguratsua duten lau sektoretako etxe-langileri egindako 1.121 inkestaren bidez burutu da ikerketa: industria elektrikoa, elikagai eta ehun industria, administrazio eta banketxeak eta, azkenik, hezkuntza, osasun eta gizarte zerbitzuak. Nafarroa osoan 27.000 emakume dira sektore horietan dihardutenak.
Emakumezko langileen % 37,1ak uste du lanak eragindako neke mentala lan-arriskutzat jo daitekeela. Galdetutako bostetik lauk arazotzat jo zuen jasan beharreko lan handia, ezarritako jarduera-erritmoak eragindakoaren antzeko arriskua inguruabar horri leporatuz. Zerrenda berean agertzen diren beste zenbait arazo honakoak lirateke: komunikazio murrizketak enpresa barruan (autonomiarik eza lanpostuan, harreman kaxkarrak, lanpostuan gustura ez egotea eta euren gaitasunen erabilera eskasa) eta barne gorabide aukerarik eza. Izan ere, galdeturiko % 9k estres zantzuak agertu zituen, lan gehiegi, autonomiarik eza eta enpresaren antolaketa arazoak zirela-eta.
Arrisku fisikoen azterketak emaitza klasikoagoak eman zituen: mugimendu errepikakorrak, jarrera estatikoak, lanpostuen diseinu kaxkarra, zamak eta gehiegizko ahalegin fisikoak azaltzen dira lantegi askotan. Horren guztiaren ondorioz, emakumeen % 32k istripu arriskua duela uste du, industria sektorean kopuru hori bikoiztu egiten delarik. Ikerlanaren arabera, langileen % 25 gutxienez behin joan zen iaz sendagilearengana bere jarduerarekin zerikusia zuten minak zirela-eta: gerrialdean, bizkarraldean eta hanketan, batik bat.
Txostenak, bestalde, emakumezko eta gizonezkoek egiten dituzten etxeko lanak izan zituen aztergai. Goi-ikasketak burutu dituzten gizonezkoak dira etxeko lanak gehien partitzen dituztenak (% 22,7). Zenbat eta ikasketa gutxiago orduan eta gutxiago laguntzen dute gizonezkoek, oinarrizko ikasketak baino ez dituztenen artean proportzioa % 14,4raino jaisten delarik.
Horren ondorioz, etxeko lan gehiegi izateaz nafarren % 5 soilik kexu den bitartean, % 40,3raino handitzen da kopurua oinarrizko ikasketak dituztenen emakumezkoen artean, % 31koa da batxilergoa edo Lanbide Heziketa egin dutenen artean eta % 24 unibertsitatean ikasitakoen artean. Azken horien artean, % 36k etxeko lanez arduratzen ez dela esan zuen, oinarrizko ikasketak dituztenen artean kopurua % 13,5koa baino ez den bitartean.
Txosten horren arabera, sarritan emakumeek baino ez dute bere gain hartzen edadetuen, eta batez ere, seme-alaben ardura: lautik batek bakar-bakarrik zaintzen ditu seme-alabak eta hamarretik bati gauza bera gertatzen zaio etxeko edadetuei dagokienez. Erabat ezohikoa da betebehar horietan gizonik aurkitzea. Etxeak ematen duen lana orekatu ahal izateko, ikerlanaren egileek ez dute soldatapeko lanorduen murrizketaren alde egiten, zerbitzu sozialak bultzatzearen eta etxeko lanak etxekoen artean hobeto partitzearen alde baizik

Lanpostuak ez daude batez besteko emakumeari moldatzeko eginak

Quebecen bizi den eta emakumeen lan osasuna aztertu duen Ana Maria Seifert ikertzaile boliviarrak «El minuto de 120 segundos» (120 segundoko minutua) liburua aurkeztu berri du Bilbon. Beste gauza batzuen artean, zera esan zuen: lanpostuak ez daudela emakumezkoei egokituta, gizonezkoei baizik, eta horrek emakumezkoen osasuna baldintzatzen duela. Zera gaineratu zuen: «

Emakumeak gizonak baino txikiagoak dira eta beraz, euren lanarekiko elkarrekintza desberdina da oso. Lanpostuak gizonari begira daude moldatuta eta emakumea agertzen denean dena handi etortzen zaio. Lan-tresnak esku tamaina jakin batez indarra egiteko daude diseinatuta eta emakumearen eskua txikiagoa izaten da
».
Ikertzaile honek Quebeceko haur hezkuntzan diharduten emakumezko irakasleen lana izan du aztergai batez ere. Horretarako auzoalde bi hautatu –bata bestea baino dezente gatazkatsuagoa–, eta eskarmentu handiko irakasleak, ordezkoak eta bekadunak aztertu zituen. Irakaslearen lana hasiera batean uste bezain erraza ez dela ondorioztatu zuen. Irakasle askori estres aztarnak sumatzen zaizkio eta psikologo edo pedagogoren baten laguntza behar izaten dute askotan. Lan jardueraren ondorio fisikoei dagokienez, berriz, honakoak aurkitu zituen: luzaroan zutik egoteak mina sortarazten du, batez ere beheko gorputz ataletan: oin, hanka eta bizkarrean kokatzen dira ondoezak gehienetan. Eta azkenik, ahots-kordak. Ahotsa ezinbestekoa zaio irakasleari ezagutza transmititu eta klasea kontrolatzeko. Urtean 3 edo 4 aldiz galtzen du batez beste irakasle batek ahotsa