Xantal Aranbel:«Hautetsiek beste engaiamendu maila erakutsi behar dute».
Daniel otsailaren 18tik 24ra ikusi gabe egon zara. Nola bizi izan dituzu egunak eta azken orduak bereziki?
Goizean goizetik Fresnesko ospitalera joan naiz, egunero bezala, bera ikustera, eta beldurtu naiz Daniel ez zegoelako han. Nehork ez digu deusik erran. Ez genekien presondegiko ospitaletik eramana zutela.
Nola jakin duzu berria?
Osasun Ministerioko funtzionario batek eman dit berria. Berak erran dit ere, eramana izan den ospitale zibileko zuzendaria –Kremlin-Bicetre ospitalea– nirekin biltzeko prest zegoela, hala nahi izanez gero. Hara joan naiz eta Daniel ikustea eskatu diot zuzendariari.
Nola antzeman duzu Daniel?
Biziki ahula aurkitu dut. Bere egoera zirraragarria da, ikarragarria. Edozein unean konortea galdu dezakeen inpresioa eman dit. Arazoak ditu bere gernuari eusteko. Hala ere, bere kasa mugitzen da.
Sendagileekin bakarrik zegoen?
Ez. Polizia andana bat zegoen ere bai. Polizia ugari artean eramana izan da gelaraino. Hori bai, bera oinez iritsi da, inoren laguntzarik gabe, emeki-emeki.
Berarekin hitz egin duzu. Kontzientea da bere egoeraz?
Bai, guztiz kontzientea da, hitz egiten du, badaki zer pasatzen den bere inguruan.
Ospitale zibilean hobe izanen al da?
Beharrik. Mediku oso jatorrak aurkitu ditut, gizabidetsuki portatzen ari dira Danielekin. Medikuen arabera, Daniel ez dago egoera gaindiezin batean. Jon Enparantza abokatuarekin mintzatu dira eta ez omen da iritsi muturreko unera oraindik.
Frantses komunikabideetan entzun dugunez, baliteke bitaminak ematea.
Medikuek tratatua izateko ospitale zibil batera ekarria izatea zen berak jarritako baldintza, eta erdietsi du. Aitzina segitzeko asmoa du Danielek.
Frantses hedabideak interesatzen hasiak dira.
Irudiz hasiak dira euskal arazoaz eta euskal presoez arduratzen, baina horretarako bi hilabete pasa behar izan dira.
Gobernuaren aldetik aldaketaren bat espero al duzu?
Beti itxaroten da aldaketaren bat. Baina orain arte, justizia ministroak gure ordezkaritzarekin biltzea errefusatu du. Ipar Euskal Herriko hautetsi gehiagok sinatu du presoen hurbiltzearen aldeko eskaera, baina beste maila bateko engaiamendurik ez badute hartzen zaila izanen da