argia.eus
INPRIMATU
Janoren bi aurpegiak
Joxe Iriarte, Bikila 2000ko otsailaren 27a
Lizarra-Garazi Foroaren agiriaren seigarren puntuan dei egiten zaie hiritarrei «elkarrizketa eta demokrazia» oinarritzat duen bake prozesuan gogotsu parte har dezaten. Kontrako iritzia duten intelektual, artista eta zenbait gizarte sektoretako ordezkariek, berriz, ETAren aurka eta abertzale ez direnen «ideia askatasuna»ren aldeko manifestazioa antolatu dute. Horra hor, gure errealitate gatazkatsuak dituen bi aurpegi kontrajarriak. Ala ez dira kontrajarriak? Teorian denok izan behar genuke elkarrizketa eta demokraziaren aldekoak, baita abertzale ez direnen ideia askatasunaren aldekoak. Izan ere, ez dago benetako demokrazia aurkariaren adierazpen askatasuna bermatuta ez badago, eta ezkerreko abertzaleok amesten dugun Euskadi horretan, abertzale hala ez abertzale, ezkertiar zein eskuindar, ideia politiko guztiak askatasun osoz bermaturik izango direla ez dut duda izpirik.
Kontua da, oraingoz, gurean demokraziaren inguruan ikuspegi desberdinak daudela. Areago, demokraziak huts egin du trantsiziotik gaurdaino boterearen

status quo
aren morroi bihurtu zutelako. Horrez gainera, indarrean dugun sistema demokratiko espainiarrak eta burgesak, euskal arazoa deritzon inguruan konponbide elkarrizketatuaren ordez, kontzesio neurtuak eta disidentziarekiko errepresioa erabili ditu. Horrek denak bere ondorioak izan ditu gizartean, gatazkaren iraupena elikatuz eta kaltetu asko sortuz. Kaltetu horien auzia da (presoak, erbesteratuak, zigorraren ondorioak jasaten dituztenak, era guztietako erasotuak eta biktimak sartzen ditut) dudarik gabe konpontzeko zailena eta larriena. Ez da harritzekoa, gatazkaren erdian, demokraziak hondoa jotzea zenbat une eta tokitan.

KONTUA DA,
batak eta besteak nola erantzuten diogun egoerari. Lizarra-Garazi Akordioak metodologia bat proposatzen du, non gatazka politikoari oinarri demokratikoen bidez konponbide bat topatu asmoz, elkarrizketa eta negoziazio prozesu bat bultzatzeko konpromisoari irmoki eusten zaion. Prozesua era irekian ikusten da, nork bere arrazoia mahaiaren gainean jar dezan eta denon artean konponbide bat asma dezagun. Besteek, berriz, gatazkaren alde bati leporatzen diote soil-soilik arazo guztia, bere izaera politikoa ukatuz. «

Zakurra hil da, akabo amorrazioa
» adieraziz-edo. Baina, ez dira horretara mugatzen, euskal nazionalismoaren biktimatzat dute beren burua, eta bizi duten giroan, presionatuak, arnasa ezin hartuz itota sentitzen omen dira. Garai batean euskal abertzaletasunari leporatzen zitzaion biktima izaera (keria?) bere egin dute ez abertzaleek (espainiar abertzaleek, hain zuzen).
Nire aldetik garbi dago, gatazka honetan, gatazka guztietan bezala, gauza asko era oso nahasian agertzen dira, eta ez da batere erraza lastoa eta garia banatzea. Esate baterako, ni ez nago batere ados PPko edo PSOEko zinegotzi bati egurra ematearekin alderdi horien kide izateagatik, ezta inor erasotzea lazo urdina edo Espainiako bandera paparrean eramateagatik. Alegia, ez dut atsegin guri egin digutena guk egitea. Baina, kale kantoi itzalean edo klandestinitatearen babespean egiten dena ez da giro horren eragile. Gurean ez dago adierazpen askatasuna ukatzen den giro bat, ezta askatasun hori baldintza dezakeen abertzaleen aldetiko joera bat ere. Ez da horrela, ez dugulako ez gogorik ezta ere aski indarrik. Nahi izanez gero ere, ezingo genuke!
Savater jaunak, eta PP edo PSOEko edozeinek guk baino bozgailu handiago eta ozenagoak ditu, ia alor guztietan. Barregarria ematen du, telebistetan, irratietan, egunkari salduenetan, ia egunero azaltzen diren horiek ideia askatasuna murriztua dutela esatea. Ia dena (gure gizartearen gehiengoa izan ezik) alde dutenak kexu dira, ia ezer ez dutenen amorrazioak jasaten dituztenean, baina ez boterearen prerrogatibak nahi duten eran erabiltzen dituztenean. Eta honekin ez dut justifikatzen politikoki desbideratuak eta erratuak kontsideratzen ditudan ekintza eta jarrera batzuk, arazoaren nondik norakoak aztertzera mugatzen naiz. Ez abertzaleak, Euskadin ere, askoz aiseago dute beren ideiak azaltzeko abertzaleak garenok baino, batez ere ezkerrekook.

BESTALDETIK,
nork bere kexak azaltzeko arrazoiak agertzerakoan, bistan da zeintzuk dituzten beren alde era guztietako abantailak eta zeintzuk kontra. Esate baterako, abertzaleok, oinarrizko helburutzat dugun autodeterminazio printzipioa ukatua dugu behin eta berriro, baina beraiek helburu hori bermatuta dute Espainiako herriarentzat. Ez zaigu onartzen Espainiatik alde egiteko eskubidea, ezta Europan gure aldetik ibiltzeko ere, edo tokitxo propioren bat izateko, baina beraiek kexu dira gurean ez dutelako nahikoa. Konstituzioak ez zuen lortu gehiengoa gurean, baina Konstituzioarekin apurtzeko ez ligukete utziko gehiengo soil batez, ia gehiengo absolutu bat beharko omen genuke gure burua autodeterminatzeko. Beraien sinbolo guztiek –konstituzionalki bermaturik dituzte gure lurrean: Guardia Zibila, Polizia Nazionala, Armada– bere horretan jarraitzen dute, hala ere, beren eskubideen beldur dira. Guk ezin ditugu gureak Nafarroako instituzio nagusietan jarri.
Eta biktimak? Alde bakarrekoak bakarrik? Gatazkak ez du sortu beste biktima klaserik? Alde horretakoan denak berdinak al dira, Meliton torturatzailea eta Carrero borrero faxista, zein kotxe-bonbaren eraginez hildako ume errugabea?
Bukatzeko. Lizarra-Garaziko mezua egoerari irtenbideren bat bilatzeko gogoan oinarritzen da, Ermuako Foroarena eta enparauena, berriz,

status quo
aren aldeko jarreran. Horregatik, beraien jarrera Ulsterreko unionisten jarrerarekin pareka daiteke benetako demokraten jarrerarekin baino. Hor dago gakoa. Kasualitatea ote manifestazio hori Setien gotzaina agurtzen den egunean izatea?