argia.eus
INPRIMATU
IRUZUR INTELEKTUALA
Elixabete Garmendia 2000ko otsailaren 27a
Kanpainan gauden seinale faltaezina besterik ez zen hasieran prentsaurrea. Alegia, aurreko hauteskundeetan alderdi konstituzionalentzako botoa eskatu zuten haiek beraiek deiturikoa, Ibarrolaren txapel senpiternoak eta femina baten bakero estuek marka jartzen dioten deialdia. Prentsaurrean ez dute zehaztu oraingoan nori eman behar zaion botoa. Seguraski ekimenean fitxaje berri modura Jose Anjel Cuerda EAJko militantea izateak zailduko die pronuntziamendua. Agian aldarrikapenaren beste sinatzaileren bati koloreak gorrituko dizkio halako lerratze nabarmenak. Ekimena beraz, oraingoz, «Basta ya» lehor batez bataiatu eta nahikoa. Kontua motorrak berotzea da, gasolina erre kiratsez girotzea eguratsa. Hasteko, «Basta ya» eta kalera.
Ezin jakin oraindik zenbat jende bilduko duten Donostiako Bulebarrean. Ejekutiba pare batek bidali du honez gero kontsigna garbia. Horraino, dena den, joku arauen barruan legoke guztia. Ez gara eztabaidatzen hasiko bakoitzak haizeari bere alde eragiteko dauzkan bitartekoen zilegitasuna. Autobusak dohainik ipini eta txorizo bokata ordaintzen badiete ere, ez dago ez legerik ez amaren seme-alabarik horren kontra egin dezakeenik.

DEFIZITA
beste nonbait dago. Metro karratuko intelektual parea biltzen duen kolektibo honi, diskurtsoan ez zaio asko igartzen horrenbeste katedradunen emaria. Gailurra Savaterrek harrapatu du, hemengoa El Ejidokoarekin alderatzean: «Han gertatzen den jazarpena, marjinazioa, etxebizitzen erretzea modu batera edo bestera hemen aspalditik gertatzen da inpunitate osoz».
Savaterrek konparazio hori erabiltzeari aurki dakiokeen lehen arrazoia zera da, badakiela bere diskurtsoa «Señá Mariei» zuzendu behar diela, M. Teresa Camposen goizekin elikatzen diren horiei, manifestaziora parean kamara bat jartzeko irrikitan joango direnei. Horientzako bazka bota duela. Ezin liteke bestela ulertu halako akrobazia dialektiko bastoa. Gaitzerdi, halere, auzia estetika hutsezkoa balitz. Bere burua etikako maisutzat daukanak, arlo horretan egin du ordea labain, eta nola. Zinismo ikaragarriz bakarrik burutu liteke halako iruzur intelektualik.
Arrazonamendu horren estiloarekin bat, Iturgaiz eta Redondo Terrerosen azken koreografia letorke ondo, esku ahur zuri leunak probokatiboki eskaintzen dituen hori. Ondobidean, Erne-koek damunaiz-ka azaldu beharko lukete, ELAri politikan aritzeagatik halako kontueskeak egin eta orain manifestazio honetara deitzeagatik. Edo amnesiak jo ditu edo Savaterrenaren pareko kiribila egin beharko dute deialdi hau ez dela politikoa arrazoitzeko.

BARRENA
hustu eta gero, Donibane Lizarrakoari erreguka hasi natzaio, buruargiren batek kontramanifarik antolatzeko tentaziorik izan ez dezan. Bide batez, hau ere eskatu diot: asteburuetan indarra sobrante duten horiek autoak erretzen eta etxe partikularrak ketzen enplegatu ordez, juerga eta mendia eginez ase eta aki daitezen. Horrela agian «Basta ya»-koei eragotzita omen dituzten ideiak itzuliko zaizkie, eta Savaterrek El Ejidoko adibidea baino sofistikatuagorik aurkituko du. Denon burmuinen mesedetan.
P.D. Nolanahi ere, abertzale ez direnen ideia askatasuna eskatze horretan frustrazio nabarmen bat somatzen da. Jakinekoa da Herri honetako bizitza sozial eta kultural dinamikoena, herriz herri, auzoz auzo, ehundaka ekimen eta ekitalditan gauzatzen den hori, ez doala Savater eta enparauek nahi luketen koloretan tintatua. Mugimendu horren hazian ez bada azalean, euskalzaletasuna eta abertzaletasuna aurkitzen dira nagusiki. Zertan? Herrigintzan. Gizarte zabal eta anitzagoa nahi badute, plaza hori jorratzen hasiko ahal dira. Onestasunez eta ez iruzur eginez