Familia zabala da palmondoena, 3.000 inguru ezagutzen ditugu eta munduko lurralde tropikal gehienetan bizi dira. Gutxi batzuk besterik ez dira bizi hortik kanpo. Bertako epeltasun gozoa dela eta, Euskal Herriko itsasertzera ekartzen diren palmondo gehienak ederki bizi dira. Zabalduenak
Trachycarpus fortunei, Chamaerops humilis, Phoenix canariensis, Phoenix dactilifera, Whasingtonia filifera eta
Whasingtonia robusta dira, eta epeletan epelena den Bizkaian, limoiondo eta laranjondoen artean goza ditzakegu ale ederrenak.
Beste zuhaitz gehienak ez bezala, palmondoak handiak izanagatik ederki mugi eta landa daitezke. Lan hau lurra berotu denean egin behar da, hurrengo negurako indartu dadin. Maiatza-ekaina bitarte hori da garai aproposa. Hostorriak ihartu ahala bertan uztea da onena, baina itsusi iruditu eta moztuz gero, garaitsu berean egin.
«Gizon zuzena loratzen da nola palmondoa» esaera jasoa du Ibon Sarasolak bere Euskal Hiztegian eta horixe etorri zitzaidan burura negu hotz honetako lehengo egun batean. Donostiarrak ikuskizunak antolatzen iaioak direna badakigu honez gero euskaldunok; dirua soberan eta... esango luke baten batek. Negu-neguko egun batean ikusi ez dut bada garabi ikaragarri horietako bat palmondo ikusgarri bat ipurditik atera eta haruntzaxeago, itsasoari begira diren etxe horietako batean landatzen! Palmondo horrek jai du, lan hori orain eginarazi duen gizaki zuzenaren buruaren gisan arolduko da