Gauza nabarmena da Europako Batasuneko biztanleria zahartzen ari dela. EBeko herrialdeen biztanleria 295 milioitik 376 milioira igaro da azken 50 urteotan. Hazkunde demografikoa geldotu egin da azken bi edo hiru hamarkadetan. Europako estatistika bulegoaren arabera, 1999an EBk 1945az geroztik izan duen hazkunderik txikiena izan zuen, milioi bat eskasekoa. Baina, gainera, igoera hori ez dagokio bertako hazkunde naturalari, baizik eta, neurri handi batean, inmigrazioari. 717.000 pertsona inguru etorri da kontinentera, batez ere Alemaniara, Italiara eta Erresuma Batura.
1999. urtean lau milioi europar inguru jaio zen, aurreko urtean baino % 0,5 gutxiago, eta 3,7 milioi inguru hil. Jaiotze-tasarik altuena Irlandak du (14,3 jaiotza 1.000 pertsonako), eta txikiena, berriz, Italiak (9,1) eta Alemaniak (9,3). Frantziako eta Espainiako Estatuetan, hurrenez hurren, 12,6koa eta 9,4koa dute. Heriotza-tasarik altuena Danimarkak (11,1) eta Portugalek (10,9) dute, eta txikiena Irlandak (8,4), Luxenburgok (8,9) eta Holandak (8,9). Frantzia eta Espainiako Estatuek, hurrenez hurren, 9,1 eta 9,4ko heriotza-tasa dute.
Horregatik, gaur egungo biztanleria ordezkatzeko besterik ez bada ere, hemendik 2025. urtera bitartean, 1,4 milioi etorkin behar ditu Europak urteko. Estatu Batuek 1998an onartutako atzerritarren kopurua hori baino baxuagoa da –milioi bat langile etorkin–, Nazio Batuetako Biztanleria Batzordeko datuen arabera.
NBEren eta Eurostaten datu hauek guztiak oso larri eta kezkagarritzat jotzen dira, eta biztanleria aktibo eta pasiboaren artean geroz eta desoreka handiagoa dagoela ikusirik, Batzordeak enpleguari eta etorkizuneko pentsioei buruz egindako azterketak berresten dituzte. Zentzu honetan, aurrez esandakoa gogora ekarri beharra dago: oso neurri sakonak hartzen ez badira, bost urte inguruko epean Europako Batasuneko hiritarrek ezingo dute oraingo erretiro pentsioak jasotzen jarraitu, eta, agian, herrialde batzuetan epe hori hiru urtekoa izan daiteke – Alemanian eta Italian esaterako–.
Testuinguru honetan, adituek diote Europak inmigrazioarekiko duen jokabidea aldatu beharra duela, ez hain murriztaile eginez eta eskuzabalago jokatuz. Egia da, Eurostateko datuek adierazten dutenez, EBko herrialdeetan inmigrazio jarioak funtsezko eran egin duela gora azken hiru urteetan. 1999an 717.000 pertsona iritsi ziren Europara, horien % 70 inguru Alemanian (190.000), Italian eta Erresuma Batuan bildu zelarik. Etorkin gutxien izan zuten herrialdeak Finlandia, Frantziako Estatua eta Espainiako Estatua izan ziren.
Egungo Europako Batzordearen helburua Europan, bost urteko epean, askatasun, justizia eta segurtasun eremu bat sortzearen aukera egi bihurtzea da. Beraz, adituek diotenez, Europako Batasuneko lan arloko mugak ireki egin beharko zaizkie gaur egun EBn sartzeko negoziaketan ari diren Ekialdeko herrialdeetako hiritarrei. Eta, gainera, Europatik kanpoko, beste kontinenteetako, langileen etorrerari ere irtenbideren bat aurkitu beharko zaio. Orain arte baino sarrera kopuru askoz zabalagoak ezartzeko aukera aztertu beharko da.
Espainiako Estatuko egoerari dagokionez, eta Europako erakundeetako datuak ezaguturik, Lan ministroak ez du adierazi nahi izan etorkizuneko lan ahalmena ziurtatzeko zenbateko etorkin kopurua beharko litzatekeen. Esan duen gauza bakarra zera izan da, etorkinen eskulana egunetik egunera «
beharrezkoagoa izango dela Espainiarentzat eta Europako Batasuneko herrialdeentzat». Nolanahi ere, NBEko adituek egindako iragarpen ilunak baztertzeko, adierazi du garrantzitsua dela tinko saiatzea langabezia murrizten eta jaiotze-tasa handitzen