Xabier Kintana EHUko irakasle eta euskaltzainak «Euskaraz bizitzeko eskubidea bermatu beharra» izeneko artikulua idatzi zuen otsailaren 17an «Euskaldunon Egunkaria»n. Honela zioen pasarte batean:
«Zer arrazoi dago, Bilboko zapategi dotore batean, aldamenekoa ingelesez tratatzen zuten artean, bertokoei euskaraz ez dakitela erantzun diezaguten? Edo zer zerbitzu eta kortesia da jatetxeetako kartak, maiz gaztelaniaz gainera ingelesez edota frantsesez ere daudenak, euskaraz egon ez daitezen? Artikulu honen egilea asperturik dago, begien bistako kontsiderazio hauek merkatariei banan-banan azaltzeaz, predikari zoro baten antzera. Ez baita hori, izan ere, gure egitekoa. Euskaldunok ez ditugu geure eskubideak tokian-tokian errespetatzeko eskatu behar. Zor zaizkigula sentitzen dugu baina `euskaraz bizitzera' animatzen gaituen administrazioak ez du deus egiten eskubide horiek bermatzeko, eta euskaldun herritar bezala, umezurtz sentitzen gara, eta haserre, guri ez dagokigun hizkuntz polizi lana maiz egin behar izaten dugulako. Euskal Administrazioak euskaldunok abandonaturik gauzkalako».