Frantzia eta Bretainia Handiko zientzialari talde batek aurkitu berri duen molekulak eragin oso onak dituela dirudi toxikomanoen abstinentzi sindromea kentzeko, eta desintoxikazio-saio baten ondotik berriro droga kontsumoan erortzeko arriskua gutxitzeko.
Substantziak arrakasta osoa du laborategiko arratoiekin, eta agian droga-menpetasunen tratamendua erabat irauliko du, ez baitu dependentziarik sortzen, egun ordezko produktuekin (metadonarekin, esaterako) gertatzen den bezala. Berehala hasiko dira esperimentuak gizakiekin, heroina, kokaina, alkohola eta tabako adikzioak tratatzeko.
Molekula BP 897 izenarekin izan da bataiatua, «Nature» aldizkari zientifiko ospetsuan aurkeztutako lanean. Pierre Sokoloff farmakologo frantziarrak, ikerketaren zuzendariak, azpimarratzen du produktuak droga hartzeko premia eta antsia gutxitzen duela. Droga batetik desengantxatu nahi duenarentzat, aurrena kontsumoa gutxitzen lagunduko dio eta ondoren bere aztura hori erabat ezabatzen.
BP 897 honek dependentziaren hartzaile espezifiko baten gain dihardu, D3 izenekoaren gain. Errezeptore horrek dopaminaren transmisioa erregulatzen du, plazerrarekin lotutako mezuak bideratzen dituen garuneko bitartekari kimikoa. Eta gizakiarengan adikzioa eta dependentzia eragiten duten produktu guztiek (kokaina, nikotina, alkohola...) dopaminaren liberazioa gehitzen dute garunean